Gizartea -
Gazarekin elkartasuna
Palestinaren alde mobilizatzeko deia egin dute Hegoaldeko sindikatuek maiatzaren 17rako
ELA, LAB, CC. OO., UGT, ESK, CGT, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiruk "Gazako genozidioari amaiera emango dion berehalako su-eten iraunkorra" eskatu dute, eta datorren ostiralean lantokietan eta lau hiriburuetan egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Agentziak | EITB MEDIA
ELA, LAB, CC. OO., UGT, ESK, CGT, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte datorren ostiralerako, maiatzak 17, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta lantokietan, "Gazako genozidioaren amaiera" aldarrikatzeko eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.
Komunikatu batean azaldu dutenez, joan den urritik "Palestinak eta bereziki Gazako Zerrendak benetako genozidioa bizi dute Israelen aldetik, AEBk, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek eskainitako zigorgabetasunarekin".
Deitzaileek salatu dutenez, "Palestinako herriaren aurkako erabateko gerra hau lurraldea erabat suntsitzea" eta "iragan urritik 35.000 pertsona baino gehiago hiltzea suposatzen ari da, eta horietatik, 14.000 baino gehiago haurrak dira".
"Israelgo gobernua sarraski hori geldiaraztera behartu behar da", adierazi ostean, gaineratu dute premiazkoa dela nazioarteak esku hartzea eta bermatzea Israelek Nazio Batuek lurralde okupatuei buruz emandako ebazpenak beteko dituela, "sistematikoki urratzen ari baita".
Sindikatuek berehalako su-eten iraunkorra eskatu dute eremuan, baita Israeli armak saltzea geldiaraztea eta jarduera komertzial, ekonomiko edo bestelako jarduera guztiak etetea ere, "Palestinan genozidioaren aurka ez dauden erakundeekin".
Deitzaileek eskatu dute EAEko eta Nafarroako erakundeek eta Espainiako Estatuak "Nazioarteko Zigor Auzitegian esku hartzeko adierazpenak" aurkez ditzatela, "Israelen aurkako eskariari babesa emateko".
Halaber, "Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaierari" helduko dion negoziazio eta elkarrizketa prozesu baten alde egin dute, eta "Palestinak nazioarteak onartutako estatu bat izateko duen eskubidea" defendatu ere.