Gizartea -
Sexu abusuak
Behin-behinean aske gelditu da Barakaldon sexu abusuak egiteaz akusatutako futbol entrenatzailea
Klubak kargutik kendu du entrenatzailea, eta Ertzaintzak ikerketa hasi du. 14 eta 16 urte bitarteko lau neskatoek gaur deklaratu dute epaile aurrean, baita ustezko erasotzaileak ere.
EITB MEDIA
Sexu abusuak egiteagatik Barakaldoko Pauldarrak futbol taldeko lau gaztek salatu duten entrenatzailea behin-behinean eta neurririk gabe aske uztea erabaki du epaileak.
Epaileak ikertu gisa deklaratu du gaur, ostirala, maiatzak 10, Barakaldoko epaitegietan. Halaber, Pauldarrak klubeko ordezkariak eta salaketa jarri zuten 14 eta 16 urte bitarteko lau neskak ere joan dira deklaratzera, euren legezko tutoreekin.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du entrenatzaileak lau adingabeen sexu askatasunaren aurkako delitu bat egin duelakoan.
Futbol taldeak berak EITBri jakinarazi dionez, iragan asteko ostegunean lau neskatoek klubeko haurtzaroko arduradunarekin hitz egitea eskatu zuten eta orduan eman zuten gertatutakoaren berri. Klubak salaketaren berri eman zien familiei, eta taldetik aldendu zuten entrenatzailea, berehala.
Bizkaian, emakumezkoen kirolean ezaguna da Pauldarrak taldea. Ustezko erasotzaileak hamar bat urte zeramatzan taldean lanean.
Klubeko haurren babeserako arduradun Iñaki Alonsok komunikabideei azaldu die salaketa jarri duten lau neskatoak eta taldea bera "elkar babesten" egon direla hasieratik.
Arratsaldean, oharra zabaldu du klubak, sexu abusuak salatu dituzten lau adingabeei babesa adieraziz eta lehen unetik kasuaren ikerketan laguntzeko prest agertu dela berretsiz.
Halaber, bere "erantzukizun etiko eta legal bakarra egoera horiek prebenitzea, antzematea eta behar bezala erantzutea" dela esan du, eta horixe egiten ari dela nabarmendu du. "Prozesu osoan zehar neskak artatu ditugu, ustezko erasotzailea baztertu egin dugu prozesu judiziala argitu arte, eta eskuragarri dugun informazio guztia jakinarazi diogu familia bakoitzari", azaldu du klubak.
Udalak erasoak gaitzetsi ditu
Barakaldoko Udalak, bestalde, irmoki salatu ditu sexu abusuak, eta, behar izatekotan, auzian akusazio partikular gisa agertzeko prest azaldu da.
Ohar batean, Udalak esan du, tartean adingabeak daudenez, "sentsibilitate osoz" jokatuko dutela, salaketa jarri duten adingabeak babeste aldera.
Zentzu horretan, zehaztu du Udaleko alderdiei auziaren gaineko informazioa igorri dietela, Udalean duten protokoloaren nondik norakoak gogoratzeko.
Halaber, adingabeei eta horien familiei babes osoa adierazi diete. "Oso ausartak izan dira geratutakoa salatuta, legeak erasotzailea zigortu behar du eta", esan dute.
Bukatzeko, Udalak eskura dituen baliabide guztiak eskaini dizkiete gazteei, eta taldeari elkartasuna adierazi diote, "gertakariak bere irudiari eragin diezaiokeelako".