Gizartea -
COPERNICUS
Aurtengoa izan da apirilik beroena munduan, hamaika hilabetez jarraian bero markak hautsita
Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuak gaur zabaldutako txostenaren arabera, industriaurreko garaiarekin alderatuta (1850-1900), 1,61 ºC igo zen apirileko batez besteko tenperatura.
EITB MEDIA
Tenperatura erregistroak daudenetik, 2024koa izan da apirilik beroena munduan, hamaika hilabetez jarraian bero markak hautsita. Europako Batzordearen mendeko Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) zabaldu du gaur datua, hilero argitaratzen duen txostenean. Bertan zehazten duenez, 2015-2016 urteetan antzeko "ezohiko" joera bat izan zen.
Azken 12 hilabetetako tenperaturei erreparatuta (2023ko maiatzetik 2024ko martxora) ere, inoizko altuenak erregistratu dira; 1991-2020 urteetakoa bataz bestea baino 0,73 ºC gainetik, eta industriaurreko garaia baino, 1,61 ºC gehiago. Apirileko datua bakarrik kontuan hartuta, berriz, 1,58 ºC beroagoa izan da tenperatura, 1850-1900 aldiarekin alderatuz.
Itsasoko tenperaturaren bilakaera ere neurtzen du Copernicusek, eta txostenak dio joan den hilean itsas-tenperatura, batez beste, 21,04 °C-koa izan zela, apirilean inoiz jaso den beroena. Martxoko tenperatura ( 21,07 °C) baino zertxobait apalagoa da datua.