Gizartea -
TEKNOLOGIA KUANTIKOAK
Teknologia kuantikoei buruzko Europako hitzaldirik handienetako bat hartzen ari da aste honetan Donostia
Topaketa honen helburua informazioaren eta materia kuantikoaren zientzian eta teknologietan parte hartzen duten komunitateak biltzea da.
EITB MEDIA
Donostiako Kursaal Jauregian teknologia kuantikoei buruzko Europako topaketarik handienetako bat hasi da. Bertan, arlo horretako nazioarteko 600 aditu bilduko dira, industria-sektoreak iraultzeko "ahalmen handia" dutenak.
Quantum Matter International Conference (QUANTUMatter 2024) izeneko hitzaldia ostiralean amaituko da, eta Eusko Jaurlaritzaren BasqueQuantum estrategiarekin bat etorriz, teknologia kuantikoen, sortzen ari diren materialen eta komunikazio-, detekzio- eta simulazio-protokolo kuantikoen abangoardian ideia eta lankidetza berriak sortzea sustatzeko balioko du.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak nazioarteko konferentziaren inaugurazio ofizialean parte hartu du gaur goizean. Bere hitzaldian, Bildarratzek teknologia kuantikoen disrupzioa nabarmendu du, oraindik ere dimentsionatzen zaila den potentziala baitu.
Aurten, guztira, 60 hizlarik eta 25 erakusketarik parte hartuko dute, mundu mailako aditu handienekin batera. Besteak beste: Ignacio Cirac (Max Planck Institute of Quantum Optics), Jay M. Gambetta (IBM), Amir Yacoby (Harvardeko Unibertsitatea), Michelle Simmons (New South Wales), Leo Kouwenhoven (Delfteko Unibertsitate Teknologikoa), Artur Ekert (Oxfordeko Unibertsitatea) eta James S. Clarke (Intel).
Ikerketa kuantikoaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren datozen urteetarako politika zientifikoen aitzindari bihurtu da, BasQ (Basque Quantum) estrategian oinarrituta.
Kongresuak, lehenengo aldiz, martxoaren 9an, saio berezi bat egingo du Forum Industrialaren atalean. Bertan, IBMren eta Euskal Zientzia Sistemaren arteko lankidetzaren ondorioz garatutako jarduera nagusiak eta lortutako emaitzak jorratuko dira mahaigainean, IBM Researcheko Jay Gambetta aditu ezagunaren zuzendaritzapean.