Gizartea -
Indarkeria matxista
Espetxeratu dute Irunen emakume bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako gizona
Erasotzailea igandean atxilotu zuten, emakumeari sexu-ukituak egin ondoren. Martutenera bidali dute.
Agentziak | EITB MEDIA
Igande honetan Irunen (Gipuzkoa) emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita atxilotutako 30 urteko gizona espetxeratu egin dute, udalerri horretako Guardiako Epaitegiak aginduta.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atxilotua epailearen esku utzi dute astelehenean, 14:00etan, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du.
Gertakariak atzo goizeko 8:30ean izan ziren, Irungo Plaiaundi parkean. Atxilotuak txakurra paseatzen ari zen emakume bati eraso egin zion, eta lepotik gogor heldu ondoren, sexu-ukituak egin zizkion.
Emakumearen erresistentzia eta oihuak zirela eta, erasotzaileak ihes egin zuen mugaren bestaldera, eta, ondoren, atxilotu egin zuten, Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroaren laguntzari esker. Zentro horretan, Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko poliziek batera eta etengabe lan egiten dute.
Atxilotua Martuteneko espetxera eraman dute.
Sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Irunen.