Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
EHUk 252 milioi lortu ditu azken bost urteetan ikerketa lanari esker
Horrela, 3.400 ikertzailek 257 taldetan lan egiten dute, 2019an baino % 14 gehiago. EHU Euskadiko lehen erakunde ikertzailea da, eta jarduera horretan Espainiako lehen bederatzi unibertsitateen artean dago.
EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) azken bost urteetan (2019-2023) 252 milioi euro baino gehiago lortu ditu 257 ikerketa-talderen lanari esker, proiektuetan zein kontratuetan. Talde horietan 3.400 ikertzailek egiten dute lan, 2019an baino % 14 gehiagok.
Eva Ferreira EHUko errektoreak, Inmaculada Arostegi Ikerketako errektoreordeak eta Guillermo Quindos Garapen Zientifiko-sozial eta Transferentziako errektoreordeak prentsaurrekoa eman dute gaur 2019-2022 Ikerketa Planaren emaitzak aurkezteko, eta 2023ko datuak ere barneratu dituzte.
Agerraldian, aldi horretan lortutako diru-sarreren goranzko joera nabarmendu dute: 2019ko 39,66 milioitik 2022ko 57,63 milioira eta 2023ko 69,02 milioira igaro dira. Guztira, 252.190.000 euro bosturteko horretan.
Adierazi dutenez, emaitza horiek bost ikerketa-eremu nagusietatik datoz: zientzia esperimentalak; ingeniaritza eta arkitektura; osasun-zientziak; gizarte- eta lege-zientziak eta artea eta humanitateak.
Datuen arabera, EHUk 2023aren amaieran doktoratu aurreko eta ondoko 913 kontratu zituen, eta 2019an, berriz, 743. Bost urteko epean 2.214 doktore-tesi egin dira, eta horietatik 949k (% 43) nazioarteko aipamena izan dute. Euskal unibertsitate publikoko arduradunek azpimarratu dutenez, defendatutako doktorego-tesien % 14 baino gehiago euskaraz egin dira, eta azken horien erdiek nazioarteko aipamena lortu dute.
Bestalde, 2019 eta 2022 bitartean, Euskal Herriko Unibertsitateak 14.792 artikulu zientifiko indexatu argitaratu zituen WoS atarian (Web of Science, % 57,3 lehen kuartilean) eta 15.525 Scopus webgunean (% 66,5 lehen kuartilean). Azaldu dutenez, biak dira mundu osoko ikerketa-taldeen lanaren erreferentzia bibliografikoak eta aipuak biltzen dituzten datu-base nagusiak. Horregatik guztiagatik, EHU Euskal Autonomia Erkidegoko lehen erakunde ikertzailea da, eta jarduera horretan Espainiako lehen bederatzi unibertsitateen artean dago.
Ezagutza transferentziaren esparruan, aztertutako bost urteko aldian, balio erantsi handiko (spin off) oinarri teknologikoko 58 enpresa sortu dira, eta EHU mota horretako konpainiak sortzen Estatuko unibertsitate liderra da.
EHUko errektoreak azpimarratu duenez, datu horiek agerian uzten dute Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa eta transferentzia "bere unibertsitate-proiektuaren ezaugarri" bihurtu dituela.