Gizartea -
Indarkeria Matxista
Gizon bat espetxeratu dute Bilbon bikotekide ohiari sexu-erasoa egiteagatik
Bilboko Udaltzaingoak asteazken arratsaldean jakinarazi zion Ertzaintzari gizon bat atxilotu zuela Bizkaiko hiriburuko etxebizitza batean bikotekide ohiari sexu-erasoa egiteagatik. Biktima ospitalera eraman zuten, eta epaileak espetxera bidali du atxilotua.
Agentziak | EITB Media
46 urteko gizon bat espetxeratu du epaileak Bilbon, bikotekide ohiari sexu-erasoa egitea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bilboko Udaltzaingoak asteazken arratsaldean atxilotu zuen gizonezkoa, Bizkaiko hiriburuko etxebizitza batean, bikotekide ohiari sexu-erasoa egiteagatik, eta hala jakinarazi zion Ertzaintzari eta protokoloa aktibatu zuten.
Biktima ospitalera eraman zuten, iturriek zehaztu dutenez.
Ertzaintzak, bestalde, polizia-atestatua izapidetu, eta atxilotua Bilboko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiaren esku utzi dute gaur. Bertan, Basauriko Bizkaiko espetxean sartzeko agindua eman du epaileak.