Gizartea -
Eguraldia
Argitzera egingo du, baina giro freskoarekin jarraituko dugu
Lurraldearen ipar-ekialdean (Gipuzkoa ekialdea, Lapurdi eta Nafarroa iparraldea) noizbehinka euria egingo du. Datozen egunotan ere giro ezegonkorra izango da nagusi.
EITB Media
Udazken tankera betea du aroak. Ezegonkortasuna dugu protagonista aste hasieratik, eta horrela igaroko ditugu datozen egunak ere, Euskalmet euskal meteorologia agentziak egindako iragarpenaren arabera.
Gaur, asteazkena, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira zeruan, eta ateri eutsiko dio ia denean, ipar-ekialdean izan ezik; han hodeiak trinkoagoak izango dira eta ostarteei gailenduko zaizkie, eta noizbehinka euria egingo du. Tenperatura maximoak laupabost gradu altuagoak izango dira, baina termometroek ez dituzte 15 ºC-ak gaindituko. Hala ere, ipar-haizea nagusi izango denez oraindik, batez ere arratsaldean, giroak udazkeneko itxurarekin jarraituko du.
Bihar, osteguna, euritara joko du berriro. Zerua oso hodeitsu geratuko da, eta batez ere eguerditik aurrera eta iparraldean zaparradak botako ditu. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean izan ezik; orduan iparraldetik finkatuko da. Ebro ibarrean ziertzoak joko du. Tenperaturan ez da aldaketa handirik egongo.
Ostiralean ostarte gehiago ikusiko ditugu zeruan, baina ez da baztertzen noizbehinka euri arina egitea. Nabarmenena tenperatura maximoen igoera izango da, eta txoko askotan epelak izango dira, 18-20 ºC-koak.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.