Gizartea -

INGURUGIROA

Zinemaldiak % 14 murriztu zuen bere karbono-aztarna 2023an

Aztarna murrizten lagundu duten neurrien artean daude paperaren erabilera gutxitzea eta % 100 biziklagarria den moketa jartzea.

Hainbat langile alfonbra gorria jartzen, Donostian. Artxiboko irudia.
Hainbat langile alfonbra gorria jartzen, Donostian. Artxiboko irudia.
Hainbat langile alfonbra gorria jartzen, Donostian. Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia Zinemaldiak % 14 murriztu zuen bere karbono-aztarna 2023an, aurreko urteko datuekin alderatuta. Paperaren erabilera murrizteak, moketa birziklagarria jartzeak eta alokatutako materiala erabiltzeak lagundu zuten horretan, besteak beste.

Hirugarren urtez jarraian, Zinemaldiak jasangarritasuna ebaluatzeko eta karbono-aztarna neurtzeko txostena aurkeztu du gaur. CREAST enpresak egin du lanketa, eta datuok bilduta, helburua da ingurumenaren aldetik jaialdi jasangarriagoa izaten lagunduko duten neurriak hartzen jarraitzea.

Aztarna murrizten lagundu zuten neurrien artean dago paperaren erabilera gutxitu izana, inprimatutako katalogoa bertsio digitalarekin ordezkatuz. Halaber, eta hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1.840 metro karratu moketa jarri zuen iaz  Zinemaldiaren esku, %100 birziklatua eta birziklagarria, Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko kanpoko alfonbra gorrietarako.

Energiari dagokionez, 71. Zinemaldian klausurako jaia argitzeko bioerregaia erabili zuela ere jakinarazi dute antolatzaileek. Eta mugikortasunari lotutako neurrien artean, nabarmentzekoa, honakoa: 71. edizioan, Zinemaldiko gonbidatuak garraiatzeko zerbitzuek 96.500 kilometro egin zituzten; 2021ean, berriz, 120.000 kilometro inguru izan ziren. 

Aurtengo edizioan ere, bide beretik jarraituko dutela jakinarazi dute, gaur zabaldutako oharrean. Hala, 2024an barne-mugikortasunean eta ekitaldiak erakartzen duen mugikortasunean jarriko dute arreta berezia.

Horretarako, kontzientziazio kanpainak egingo dira eta formazio ikastaroak ere antolatuko dira, klima-aldaketarekin lotuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zinemaldia Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Euskadiko kutsadura gaur Birziklatzea