Gizartea -
Indarkeria matxista
Auzitegi Nazionalak Rubiales epaituko duela berretsi du, Jenni Hermosori emandako musuagatik
Espainiako Futbol Federazioaren presidente ohiak eta gainerako auzipetuek jarritako helegiteak baztertu ditu Zigor arloko Salak, eta denak akusatuen aulkian jesarri beharko direla berretsi, sexu askatasunaren kontrako delitu bat eta derrigortze delitua egotzita.
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Salak baztertu egin ditu Luis Rubialesek eta gainerako auzipetuek aurkeztutako helegiteak, eta Jenni Hermoso futbol jokalariari baimenik gabe emandako musuagatik eta ondoren egindako mehatxu eta presioengatik epaituko duela berretsi du.
Ahoko epaiketa zabaltzeko erabakiaren kontra helegitea aurkeztu zuten Rubiales Espainiako Futbol Federazioaren presidente zenak, Jorge Vilda futbolarien hautatzaileak, Albert Luque selekzioaren kirol zuzendariak eta Ruben Rivera Marketing burua izandakoak.
Lau autotan, bana helegite bakoitzeko, Salak azaldu du auziaren une honetan ez direla gertakariak egiaztatu edo frogatu behar , hori ahozko epaiketan egin behar dela. Hala, ikertutakoek argudiatutakoak baztertu ditu.
Epaileen esanetan, emakumezko futbolariek Munduko kopa irabazi zuten gau hartan jazotakoek bat egiten dute sexu askatasunaren kontrako delitu batekin, eta derrigortze delituarekin.
Urtarrilean ebatzi zuen Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak Rubiales eta gainerako hiruak epaitzea. Autoan ondorioztatu zuenez, Luis Rubialesek Jenni Hermosori emandako musua "baimenik gabekoa" izan zen, eta ikertuak "alde bakarrez" eta "ustekabean" jokatu zuen. De Jorgeren arabera, jokalariak jasan behar izan zituen presioek "antsietate eta estres handia" eragin zizkioten.
Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Rubialesentzat, bi delituak leporatuta, eta urtebete eta erdikoa gainerako hirurentzat, derrigortze delitua egin dutelakoan.
Horrez gain, zigorrak dirauen artean kirol munduan lan egiteko gaitasungabetzea ezartzea eta lau urtez Hermosorekin harremanetan jartzeko eta hurbiltzeko debekua (200 metrora) jartzea eskatu du.
Rubialesek jokalariari 50.000 euroko kalte ordaina ematea ere eskatu du fiskalak, eta beste hainbeste gainerako hiru akusatuek (kasu honetan, hirurek, modu solidarioan).