Gizartea -

Bizkaia

Bi gazte atxilotu dituzte Bermeon gizon bat jipoitzeagatik

05:00etan gertatu da erasoa, Lamera parkean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, lekuko bati esker gelditu dute erasoa bi gazteek. Biktima lurrean utzi dute, konortea erdi galduta.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Bermeoko Udaltzaingoak 21 urteko bi gazte atxilotu dituzte goizaldean gizon bat jipoitzeagatik lesio delitua leporatuta.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, lekuko bati esker gelditu dute erasoa bi gazteek. Biktima lurrean utzi dute, konortea erdi galduta.

Erasoa 05:00etan jazo da. Ordu horretan, Gernika-Lumoko ertzain-etxeko hainbat patruila eta Bermeoko udaltzainak Lamera parkera —erasoa gertatu den lekura— joan dira, herritar baten abisua jaso ostean.

Hara iritsi direnean, lurrean botata aurkitu dute biktima. Lekukoa ere bertan zen, eta hark kontatu die zer gertatu den.

Handik gutxira, bi erasotzaileak parkeko komun publikoetan aurkitu dituzte. Odol arrastoak zituzten biek arropetan, eta, identifikatu dituztenean, biktima kolpatu izana onartu dute.

Horren aurrean, Gernika-Lumoko ertzain-etxera eraman dituzte, eta, izapide guztiak bukatutakoan, epailearen esku utzi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak