Gizartea -
Etxeratzea Thailandiatik
Alex Garcia etxera ekarriko duen hegazkina goizaldean atera eta igande arratsaldean iritsiko da Loiura
Hegazkinean 11 mediku eta erizain militar doaz. Loiuko aireportuan lehorreratuko da hegazkina, eta hortik Gurutzetako Ospitalera eramango dute.
EITB MEDIA
Alex Garcia etxeratzeko Defentsa Ministerioak bidalitako hegazkin medikalizatua igandeko 09:00etan (04:00etan Euskal Herrian) aterako da Bangkoketik, eta igande arratsaldean iritsiko da gurera.
Hegazkina Don Mueang aireportu zibiletik aterako da, Bangkoken, eta gaixoaren ama eta koinata ere ekarriko ditu Thailandiatik.
Alex Garcia euskal herritarraren bila ostiraleko 17:02an Madrilgo Torrejon de Ardoz udalerriko base militarretik abiatu zen Espainiako Armadaren hegazkina goizean iritsi da Thailandiara.
11 mediku eta erizain militar joan dira bertan, eta Thailandian igande goiza denean abiatuko da bueltan. Loiuko aireportura etorriko da, eta hortik Gurutzetako Ospitalera eramango dute gaixoa, zuzenean.
Pankreatitis nekrosatzailea duen euskal herritarra Thailandiatik etxera ekarriko duen hegazkina 17:02an abiatu zen atzo Torrejon de Ardoz (Madril) herriko base militarretik Bangkokera, eta 12 orduko bidaia zuzena geldialdirik gabe egin ostean, bertan 09:26 zirenean heldu da Bangkokera, Euskal Herrian 04:26 zirenean.
Margarita Robles Defentsa ministroak iragarri zuen UMAER Espainiako Aireko eta Espazioko Armadako Aeroebakuazio Unitate Medikoaren hegazkina bidaliko zutela Thailandiara. "Ebakuazio oso zaila" eta "egin daitekeen bidaiarik zailenetako bat" dela gaineratu zuen.
Jakinarazi dutenez, 11 mediku eta erizain militar doaz hegazkinean, "erabat prestatuta, pertsona horren lekualdaketa ziurtatzeko eta etxera ekartzeko".
Osakidetzak dagoeneko ezarri du gaixo horren asistentziaren kalitatea eta segurtasuna bermatzeko jarduera-protokoloa, Thailandiatik ekarriko duen hegazkina Euskal Herrira iristen denerako. Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak erabaki du Loiuko aireportutik Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eramatea.
Osakidetzaren arabera, lekualdaketa bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia batean egingo da. Ibilgailu medikalizatua pistan bertan egongo da zain, eta tratamendu- eta jarraipen-prozesu guztiaz arduratuko den espezialista talde bat izango du bertan, pazientearen egoerari buruzko informazioa bertatik bertara jasotzeko EAEn lurreratu baino ez.
Larrialdietako taldeak eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea etengabe koordinatuta egingo da operazioa. Osakidetzak ospitale hori aukeratu du gaixoarentzat, Bilboko aireportutik gertu dagoelako eta oso garrantzitsua delako lekualdatzea ahalik eta azkarren egitea.
Pankreatitisak jota Bangkoken (Thailandia) ospitaleratutako 36 urteko gizonaren familiak premiaz Euskal Herriratzeko eskatu zuen, Bangkokeko ospitaletik txosten bat jaso ondoren. Txosten horretan jakinarazi zieten hegazkin medikalizatu batean eramateko aukera zegoela oraindik, baina ohartarazi zieten "ahalik eta azkarren" egin behar dutela, "barne-odoljario larria izateko arriskua baitago".
Txostenaren arabera, pankreatitisa "% 30etik % 50era" areagotu zaio, eta "erabiltzen ari diren antibiotikoek ez diote ezer egiten". Donostian bizi den basauriarra Thailandiako hiriburuko Samitivej Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean dago.
Gaixoaren familiak Espainiako Armadaren hegazkin batean etxeratzeko eskatu zuen, hura ekartzeko hainbat saiakerak porrot egin ondoren. Bitartean, familiak jakinarazi du bertan behera utzi duela Alexen familiari laguntzeko abian jarritako crowdfunding kanpaina.