Gizartea -

ERASOA

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, kalean gizon bati eraso ostean

Biktima osasun-langileek artatu zuten eta anbulantzian eraman zuten ospitalera.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko udaltzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute lesio larrien delitu bat egotzita, Alde Zaharrean gizon bati objektu sendo batekin eraso egiteagatik.

Gasteizko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, gertakariak asteartean izan ziren, 20:00ak aldera, 092 zenbakira egindako dei baten bidez, Zapateria eta Harategien Kantoia kaleek bat egiten duten lekuan bi gizonen artean izandako eztabaida batean objektu sendo batekin gizon bati eraso egin ziotela ohartarazi zutenean.

Bertaratutako patruilek konorterik gabe eta burutik odola zeriola aurkitu zuten biktima, eta anbulantzia bat eskatu zuten.

Bien bitartean, beste agente batzuek gertatutakoari buruzko informazioa bildu zuten. Erasoa ikusi zuten zenbait lekukok ustezko egilea non zegoen adierazi zieten.

Poliziek gizona bizi den balkoian ikusi zuten, bere onetik aterata oihuka eta lepoan labana handi bat zeukala. Behin baino gehiagotan lasaitzeko eta gertatutakoa argitzeko jaisteko eskatu ondoren, agenteak etxera igo ziren, babes-ezkutuekin hornituta, eta, azkenean, atxilotzea lortu zuten.

Biktima, berriz, osasun-langileek artatu zuten, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak