Gizartea -
Bizkaia
Bi atxilotu eta bi ertzain zaurituta, Urduñako aisialdirako lokal batean izandako liskarretan
Igandean, 04:35 aldera, Laudioko ertzain-etxeko zenbait patruila Urduñako aisialdi-gune batera joan dira, herritar batek lokal batean zarata handia zela-eta deitu ostean. Agenteak iritsi direnean, irainka eta objektuak jaurtiz hartu dituzte.
Agentziak | EITB Media
Bi gizonezko atxilotu dituzte eta bi ertzain zauritu dira bart Urduñan, aisialdirako lokal baten irteeran izandako istiluetan.
Agintaritzaren agenteen aurkako bi delitu leporatu dizkiete atxilotuei. Ertzainek osasun-laguntza behar izan dute, eta laneko baja hartu dute, Segurtasun Sailak jakitera emn duenez.
Igandeko 04:35 zirenean, Laudioko ertzain-etxeko patruilak Urduñako aisialdirako gune batera joan dira, partikular batek lokal batean zarata handia zela-eta deitu ostean. Agenteak iritsi direnean, irainka eta objektuak jaurtiz hartu dituzte, eta inguruko ertzain-etxeetara laguntza eskatu behar izan dute egoera kontrolatzeko.
28 eta 41 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu bana egotzita, beste hogeita bi pertsona identifikatu dituzte, eta hiru lagun zigortzeko proposamena egin dute, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa baliatuta.
Erasotzaileek segurtasun-kaskoak ere kendu dizkiete ertzainei. Dagozkion eginbideak amaitutakoan, epailearen esku utzi dituzte.