Gizartea -
Feminismoa
Denon Bizitzak Erdigunean-ek salatu du zaintzaren arloan erakundeek entzungor egiten dietela euren aldarriei
Ezertarako kontuan hartu ez, eta Zaintza Itunarekin neurri konkreturik proposatu gabe diskurtsoa lapurtu dietela salatu dute Bilbon. Ezin daitekeela "pribilegioa" izan iritzita, Zaintza Sisteman urratsak eta neurri zehatzak aldarrikatu dituzte, pribatizazioa alde batera utzita.
EITB Media
Zaintza Sistema Publikoaren aldeko greba feminista orokorra egin zenetik lau hilabete pasatu direnean, agerraldia egin du Denon Bizitzak Erdigunean kolektiboak Bilbon, erakunde publikoek orduko aldarriei eta ondorengoei entzungor egiten dietela salatzeko.
Bilboko Erribera Merkatuan dozenaka emakumek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Zainketa Ituna sortzeko eta Nafarroan Zaintzen aldeko Foru Itunean ez dute mugimendu feminista kontuan hartu; "kontrara, askotariko eragileen artean adostasunak bilatzen eta neurri konkretuak planteatzen ari garen honetan, diskurtsoa lapurtu nahi digute, inolako planteamendu errealik gabe", adierazi dute.
Itun horrekin, "euskal gehiengo sindikala elkarrizketatik kanpo utzi eta patronalaren etekinen alde egiten jarraitzeko asmoa argi geratu da", horien arabera, eta beste behin salatu dute, "datuak eskuan", zaintza sistemaren pribatizazioa, "Osakidetzatik eta Osasunbidetik hasi eta erresidentzia eta eguneko zentro guztietara", eta "horietan enpresa pribatuetan baino ehun ordu gehiago lan egin eta % 40-60 gutxiago kobratzen dela" salatu dute. Horien aburuz, akordio horiek "akordio publiko-pribatu bezala" hartu dituzte gobernuek, "finean pribatuaren alde eta publikoaren kontra ari direnean".
Horren guztiaren aurrean, Mugimendu Feministak adostutako Herri Akordioan sakontzen jarraitzeko asmoa agertu dute gaur Bilbon bildutakoek, "urgentziazko egoerentzat erantzunak landuz eta, aldi berean, behar dugun zaintza sistema publiko eta komunitariora bidean neurri zehatzak proposatuz".
Hauteskunde kanpainan murgilduta dauden alderdiei zuzenduz esan dutenez, "neurri konkretuak, gurekin adostutakoak eta errealak behar dira", eta mobilizatzen eta borrokan jarraituko dutela iragarri dute.