Gizartea -

polizia operazioa

Bost pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakume atzerritarrekin ezkontzak hitzartzea egotzita

Dominikar jatorriko zazpi biktima atzeman dituzte. Lana eta Estatuan modu erregularrean sartzea eskaintzen zizkieten, 10.000-15.000 euroren truke. Behin Arabara helduta, diru gehiago eskatzen zieten, eta zorra kitatzeko, lan egitera eta prostituitzera (kasu batean behintzat) behartzen zituzten.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak bost pertsona, emakume bat eta lau gizon, atxilotu ditu Gasteizen, emakume atzerritarrekin ezkontzak hitzartzea leporatuta. Agenteek sare horren zazpi biktima atzeman dituzte guztira, baina ikerketa zabalik dago, eta ez da baztertzen gehiago egotea, ezta pertsona gehiago atxilotzea ere. 

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkariordetzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, iazko azaroan hasi ziren ikertzen, Gasteizen hitzartutako ezkontzak egiten ari ziren hiru pertsona zeudela jakin zutenean. Hilabete horretan bertan atxilotu zuten emakumea, sarearen ustezko burua, eta baita bi gizon ere. Otsailean atxilotu zituzten beste biak, operazioaren bigarren fasean.

Ikertzaileek egiaztatu dutenez, sareak Espainiako Estatuan modu erregularrean bizi nahi zuten emakumeak topatzen zituen Dominikar Errepublikan. Promesa faltsuen bidez, bizi kalitate hobea, lana eta diru asko irabazteko aukera eskaintzen zizkieten. Tratuagatik, baina, 10.000-15.000 euro ordaindu behar izaten zituzten biktimek. 

Behin biktima aukeratuta, taldeko gizon batek herrialdera bidaiatzen zuen eta emakumearekin ezkontzen zen. Ezkontza paperak jasotakoan, sarearen ustezko buruak "familia berrelkartzeko" izapideak egiten zituen. Behin onartuta, Espainiaratu egiten zuten, eta Gasteizera eramaten zuten zuzenean, emakumearen etxebizitzara. 

Orduan konturatzen ziren amarruaz. Bertan, diru gehiago eskatzen zieten, eta etxebizitzako logela batean ematen zieten ostatu, alokairua kobratuta. Etxeko beharrak egitera eta sareko buruzagiaren seme-alabak eskolara eramatera behartzen zituzten, inongo soldata edo kontraturik gabe. Gainera, biktimetako bat behintzat prostituitzera behartu zuten, zorra kitatzeko

Honako delituak egozten dizkiete: immigrazio irregularra sustatzea, langileen eskubideen kontrako delitua, prostituitzera behartzea eta gaizkile taldeko kide izatea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Migrazioa Araba Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Sexu erasoak