Gizartea -

Gertakaria

Gasteizko Zabalgana gizarte etxea hustu dute gas isuri bat tarteko

Liburutegiko suteen kontrako sisteman gas berezia duten botiletako batean izan da isuria. Ez dute inor artatu behar izan, eta ez da kalte materialik izan, gas gutxi isuri baita.

Zabalgana gizarte etxea. Argazkia: Zarateman (Wikimedia Commons).
Zabalgana gizarte etxea.
Zabalgana gizarte etxea. Argazkia: Zarateman (Wikimedia Commons).

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zabalgana auzoko gizarte etxea jendez hustu behar izan dute gaur goizean Gasteizen, sotoan gas isuria egon baita. Zorionez, prebentzio neurria baino ez da izan, gas gutxi isuri baita eta ez delako eraikin guztian zabaldu.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, liburutegiko sotoan izan da isurketa. Suteen kontrako sistema berezia dute han, garrek ez ditzaten artxibo eta bestelako dokumentuak suntsitu. Gas berezi batez —ez da sugarria, ezta kaltegarria ere— betetako botila batzuek osatzen dute, sutea izatekotan, gelan gasa askatu, eta oxigeno kopurua gutxituz garrak amatatzeko. 

Sistema mantentzeko lanak egiten dituen enpresa hura berrikusten ari zela gertatu da istripua. Botiletako balbula bat gogortuta zegoen, eta bertatik isuri da gasa. 

Isuriak alarma pitzarazi du, eta gizarte etxeko langileek, badaezpada, eraikina hustu dute. Dena dela, ez dute inor artatu behar izan, eta ez da kalte materialik izan. 

Gasteizko suhiltzaileak bertaratu dira, isuria gelditu, kaltetutako eremua aireztatu eta oxigeno maila egokia den egiaztatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Suhiltzaileak Zabalgana