Gizartea -
Iparraldeko ikastolen festa
Inoizko Herri Urratsik handiena izango da maiatzaren 12koa, bi gune gehiago eta eszena berri batekin
Senpereko lakuan biltzen den dirua Beskoitzen (Lapurdi) 10 urtez barrakoietan izan diren haurrak hartzeko ikastola berri bat egiteko erabiliko da. Besteak beste, Esne Beltza, Neomak, Bele, Nogen eta Eire taldeen musikaz gozatu ahalko da.
EITB MEDIA
Aurtengoa inoizko Herri Urratsik handiena izango da, bi gune gehiago eta eszena berri bat izango baititu Senpereko lakuan ospatuko den Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiak.
Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak atzo, ostegunarekin, aurkeztu zituen jaiaren nondik norakoak. Jakina denez, "Ortzadarra" lelopean ospatuko da, ohi denez, Senpereko lakuan (Lapurdi).
Maiatzaren 12an biltzen den dirua Beskoitzen (Lapurdi) ikastola berri bat eraikitzeko baliatuko dute, hango ikasleek 10 urte baitaramatzate eskolak barrakoietan hartzen.
Zortzi gune izango dira orotara, aurrekoetan baino bi gehiago. Jai-eremuek Euskal Herriko lurraldeen izenak daramatzate: Nafarroa Berria, Araba Berria, Gipuzkoa, Xiberua, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Bizkaia (gune berria). Horiez gain, KEI (Kattalin Elizalde Ikastegia) gunea izango da.
Euskal Herriko musika eszenako talde ezagunak igoko dira taula gainera: Esne Beltza, Leihotikan, Niko Etxart, Bele, Neomak (aurtengo kantaren egilea) eta Nogen.
Bertsolariak (Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre) eta DJ Bull eta Elepunto disko-jartzaileak Gipuzkoa gunean izango dira. Bizkaia gunea umeentzako puzgarrientzat gorde dute. Bestalde, KEI gunean pilota partidak egongo dira goiz osoan.
Bestalde, Mantangorri eszenan, "Gurashow", Eidaberen "Gora Bihotzak" eta Pontx pailazoaren ikuskizuna oholtzaratuko dituzte.
Antolatzaileek Senpereko lakura bertaratzeko deia egin diete euskaltzaleei "ortzadar erraldoi bat margotzeko aintziran".