Gizartea -

MEHATXU JIHADISTA

Estatu Islamikoak Txapeldunen Ligako final laurdeneko partidetan atentatuak egiteko deia egin du

Talde jihadistaren gertuko webguneek mehatxu irudia partekatu dute. Argazkian fusila eskuan duen gizon bat ageri da, estadioetako izenak eta "hil itzazue denak" esaldia ondoan dituela. Espainiako Barne Ministerioak "lasaitasuna" eskatu du eta segurtasuna handitu duela azpimarratu.

Estatu Islamikoaren gertuko webguneek zabaldutako irudia. EITB Media
Estatu Islamikoaren gertuko webguneek zabaldutako irudia.
Estatu Islamikoaren gertuko webguneek zabaldutako irudia. EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko futboleko Txapeldunen Ligako final laurdeneko joaneko partidak daude gaur-biharretan Europan, eta horietan atentatu terroristak egiteko deia egin du Estatu Islamikoak, SITE Intelligence Group talde terroristei jarraipena egiten dien inteligentzia erakundeak baieztatu duenez. 

Iturrion arabera, talde jihadistaren gertuko webguneek (Al Azaim eta Sarh al Jilafa) mehatxu irudiak kaleratu dituzte egunotan. Horietako batean (albistean ikusgai) burua estalita duen gizon bat ikus daiteke, fusila eskuan. Atzean partidok jokatuko diren estadioen izenak ageri dira: Santiago Bernabeu eta  Metropolitano Arena (Madril), Emirates Stadium (Londres) eta Printzeen Parkea (Paris), eta erdialdean honako esaldi hau ingelesez: "Kill them all" (hil itzazue denak). 

Moskuko atentatuak izan zirenetik, alerta terroristaren maila gorenean dago Frantzia. Espainia 5. mailatik 4.ean dago. 

Hain justu, Espainiako Barne Ministerioak "lasaitasunerako deia" egin du, eta Madrilen jokatu beharreko bi partidei begira segurtasuna handitu duela azpimarratu. 

Ministerioaren esanetan, 2.000 agente izango dira lanean gaur-biharretan Espainiako hiriburuko estadioak zaintzen. Real Madril-Manchester City partida gaur da, eta Atletico Madril-Borussia Dortmund, bihar. Bi kasuetan arrisku handiko partidatzat hartu dituzte segurtasun agintariek. 

Barne Ministerioaren arabera, "Espainiako biztanleria lasai egon daiteke bere eguneroko zereginak egiten, munduko herrialde seguruenetako bat da Espainia eta". 

Terrorismoaren aurkako taldeetako iturriek EFEri azaldu diotenez, gaur bukatuko da Ramadana, eta halakoetan ohi bezala, mehatxu terroristak gora egiten du, baina horren goratzea sare sozialetan. Horri guztiari Gazako gerra batu behar zaio. Hori horrela, udaberri-uda "beroa" izango dela aurreikusi dute, Europan egitekoak diren bi kirol jarduera garrantzitsu jomuga direla: Parisko Joko Olinpikoak (uztailaren 26tik abuztuaren 11ra)  eta Eurokopa Alemanian (ekainaren 14tik uztailaren 14ra). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Txapeldunen Liga Nazioartea Zer gertatu da Parisen? Europa bideoak Atentatuak Gizartea Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Madrilgo gertakizunak Londres albisteak gaur