Gizartea -
KORRUPZIOA
Urdangarin aske geratu da, ustelkeriagatik bost urte eta hamar hilabeteko zigorra bete ondoren
Palmako Auzitegiak sei urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion dirua bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik, Administrazioari iruzur egiteagatik, bi delitu fiskalengatik eta influentzia-trafikoagatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñaki Urdangarin aske izango da astearte honetan, Noos auzian hainbat ustelkeria delitu egiteagatik auzitegiek ezarri zioten bost urte eta hamar hilabeteko zigorra amaitu ondoren.
Palmako Auzitegiak sei urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Cristina Borboikoaren senar ohiari, dirua bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik, Administrazioari iruzur egiteagatik, bi delitu fiskalengatik eta influentzia-trafikoagatik. Hala ere, Auzitegi Gorenak bost hilabete murriztu zion zigorra, agiri publikoak faltsutzeaz salbuetsi baitzuen.
Ondorioz, 2018ko ekainaren 18an Brievako (Avila) emakumeen kartzelan sartu zuten, eta 2021eko urtarrilera arte egon zen bertan. Epe horretan, astean egun batzuetan boluntariotza egiteko baimena lortu zuen.
Felipe VI.aren koinatu ohia Alcala de Henaresko (Madril) Gizarteratze Zentrora eraman zuten ondoren, delitu ekonomikoengatik zigortutakoentzako gizarteratze-programari men egiteko, eta Zaballako (Araba) espetxean egin zuen azken egonaldia.
2022ko martxoan, baldintzapeko askatasuna lortu zuen zigorraren bi heren bete ondoren, eta abokatu-bulego batean lan bat aurkitu zuen Gasteizen.
56 urterekin, Palmako duke ohia Gasteizen bizi da.
Zigorra beteta, Urdangarinek aurrekari penalak mantenduko ditu bost urte igaro arte, berriro deliturik egiten ez badu.