Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Zerua oskarbi, eguzkia eta tenperatura goxoak, gabarraren egunean
Euskalmeten arabera, eguraldia "oso atsegina" izango da. Abran, gabarraren irteeran, tenperatura 18-20 gradu ingurukoa izango da, eta ontzia Bilbora iristean, 18:30 inguruan, 20-22 gradukoa. Itsasbehera 13:15ean espero da eta itsasgora 19:27an.
EITB Media
Euskalmetek iragarpen berezia egin du ostegun honetarako, Kopako garaipen zuri-gorria ospatzeko ekitaldien harira. Egun horretan tenperatura goxoak espero dira eta zerua oskarbi egongo da.
Ohar baten bidez zehaztu duenez, ostegun arratsalde osoan, gabarrak itsasadarrean zehar egingo duen ibilbidea eta Bilboko Udalean eta Bizkaiko Foru Aldundian egingo duen harrera espero direnean, eguraldia "oso atsegina" izango da.
Euskalmeten arabera, zerua oskarbi egongo da eta eguzkia nagusi izango da. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, baina oro har ahul, 20-25 kilometro orduko abiadura gaindituko ez duten boladekin.
Bestalde, tenperatura atsegina izango da. Arratsaldeko lehen orduetan (14:30-16:30), gabarra aterako den Abra inguruan, 18-20 gradu izango dira, eta ontzia Bilbora iristean, 18:30 aldera, 20-22 gradu inguru.
Mareei dagokienez, itsasbehera 13:15ean espero da (0,74 m) eta itsasgora 19:27an (4,57 m).