Gizartea -
Hezkuntza
2024-2025 ikasturterako Batxilergoan aurrematrikula egiteko epea zabalik dago EAEn
Izena emateko bi bide izango dira, ohi bezala: ikastetxeetan bertan edo online. Hilaren 19ra arte dago epea.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur ireki du 2024-2025 ikasturterako Batxilergoan eskabideak aurkezteko epea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan.
Aurreko urteetan bezala, izena emateko bi bide izango dira: ikastetxeetan bertan edo online, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez.
Interesadunek apirilaren 8tik 19ra dute (biak barne) eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko. Behin-behineko zerrendak maiatzaren 7an kaleratuko dituzte, eta, ondoren, astebeteko epea izango da erreklamazioak egiteko. Behin betiko zerrendak maiatzaren 21ean egingo dira publiko, eta ekainaren bigarren hamabostaldian (hilaren 17tik uztailaren 2ra) izango da matrikula egiteko epea.
Batxilergoa eskainiko duten 200 ikastetxe publiko zein itunpeko baino gehiago izango dira datorren ikasturtean. Lau modalitate daude: Zientzia eta Teknologia Batxilergoa; Giza eta Gizarte Zientzietako Batxilergoa; Batxilergo Orokorra; edo Arteetako Batxilergoa.