Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Akusatuak Rebeca Huayta emaztea hil izana aitortu du

Gaur hasi da epaiketa Bizkaiko Auzitegian, herri epaimahaiaren osaketarekin eta 45 urteko gizonaren deklarazioarekin. Fiskaltzak 25 urteko kartzela-zigorra eskatzen du biktimaren bikotekide zenarentzat hilketagatik eta beste 3 urte emakumearen aurkako ohiko tratu txarrengatik.

Rebeca Huayta hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE
Rebeca Huayta hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketaren lehen egunean
Rebeca Huayta hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko abenduaren 28an Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean bikotekidea hiltzea leporatzen zaion gizonak aitortu du bikotekidea hil zuela eta tratu txarrak ematen zizkiola, Bizkaiko Auzitegian abiatu den epaiketaren lehen egunean. Halaber, bere familiari eragindako "min izugarriaz egunero damutzen" dela adierazi du, nahiz eta badakien "esaten duenak ez duela ezer aldatuko".

Epaimahaia hiru gizonek eta sei emakumek osatzen dute, eta akusazioen eta defentsaren azalpenak eman ostean, akusatuak aitortu du "emaztea hil nuela eta harenganako tratu txarrak" izan zirela. Gaineratu duenez, "harreman arazo oso itsusiak zituzten".

Gaur hasi da epaiketa Bizkaiko Auzitegian, herri epaimahaiaren osaketarekin (sei emakume eta hiru gizon) eta 45 urteko gizonaren deklarazioarekin. Akusatua, L.B.T., behin-behineko espetxealdia betetzen ari da.

Ustezko hiltzailearen ondoren, bideokonferentzia bidez deklaratuko dute lehen lekukoek, tartean, hildako emakumearen alabak.

Auzitegiak ahozko saioa egingo du bost saiotan, astelehenetik ostiralera. Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du gizonarentzat hilketa delituagatik, genero eta ahaidetasunaren larrigarriak aplikatuta, eta 3 urte gehiago ohiko tratu txarren delituagatik. Halaber, espetxe zigorra betetzean, zaintzapeko askatasuna izan dezala eskatu du.

Ministerio Publikoaren zein akusazio partikularren arabera, biktima, 45 urteko Rebeca Huayta, labana handi batekin hainbat aldiz sastatu ondoren hil zen, Hilargi tabernan gertatu zen erasoan. Taberna horretan lan egiten zuen biktimak.

"Harreman sentimentalaren baitan, ez zegoen berdintasunik eta emakumea bikotekidearen mende bizi zen" dio Fiskaltzak

Fiskaltzaren txostenak argi uzten duenez, "harreman sentimentalak iraun zuen bitartean, ez zen berdintasunik izan eta emakumea bikotekidearen mende bizi zen": "Biktimak eraso fisikoak jasaten zituen oso modu ohikoan, kolpeak, iletik eta lepotik heltzea, ostikoak..., baita tratu txar psikikoak ere, telefono mugikorra kontrolatzen zion eta senideekin tratua izatea eragozten zion". Fiskalak gogorarazten du bi prozedura zeudela irekita gizonaren aurka aurrez Rebecaren kontrako jarrera biolentoak izateagatik.

Clara Campoamor elkartea eta Bilboko Udala herri-akusazio gisa aurkeztu dira kasu honetan, eta hildako emakumearen alaba, akusazio partikular gisa aurkeztu da.

Clara Campoamor elkarteko abokatuak azaldu duenez, emakumeari eraso egin ondoren, gizonak hilzorian utzi zuen tabernako sukaldean eta etxera joan zen. Hurrengo goizean, udaltzainei deitu zien hilketa aitortzeko.

Udaltzaingoek aurretik ere esku hartua zuten auzipetuaren kontra emakumeari egiten zizkion erasoengatik eta biktima osasun-zentroetara eraman ere bai. Zehazki, hilketa gertatu baino egun batzuk lehenago, L.B.T. genero-indarkeriako delitua egotzita atxilotu zuten. Gainera, beste emakume batzuei ere tratu txarrak emateagatik historia zabala zuen.

Herri-akusazioak 25 urteko espetxe-zigorra eskatuko du auzipetuarentzat, eta, osagarri gisa, zaintzapeko askatasunaren neurria ezartzea 10 urterako, libre geratzen denean.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Erailketak