Gizartea -
Kopako finala
Zale zuri-gorrien itzulerak auto-ilara luzeak sortu ditu ibilbideko hainbat tokitan
Auto-ilarak sortu dira Sevillako irteeretan, Bizkaiko noranzkoan. A-66 errepidean, Torremejia eta Merida artean, esaterako, 11 kilometrorainoko auto-pilaketak izan dira. Arratsaldean, Salamanca eta Burgos arteko A-62 errepidean sortu dira ilarak eta Pancorbon ere izan da arazorik.
EITB MEDIA
Atzo Sevillan Kopako finala jokatu ostean, gaur etxerako bidean izan dira athleticzale ugari, eta auto-ilara luzeak sufritzea tokatu zaie errepideetan, EITB Mediak jakin duenez.
Sevillatik irten eta Bizkairako noranzkoan doazen errepideetan bereziki, auto-pilaketa handiak izan dira egun osoan zehar. A-66 errepidean, Torremejia eta Merida artean, esaterako, 11 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira 14:30 aldera.
Arratsalde erdian, berriz, 18:30 aldera, A-62 errepidean izan dira arazoak, Salamanca eta Burgos artean. DGTren mapan ikus zitekeenez, oso mantso joan da zirkulazioa hainbat puntutan. Errepide hori itxita dago, gainera, Salamanca eta Valladolid artean, obrak direla eta, eta DGTk gomendatu du A-66 bidetik joatea Zamoraraino eta A-11 errepidea hartzea Tordesillaserantz.
20:00ak aldera, auto asko gerturatzen ari ziren Bizkai aldera, eta Pancorbo parean ere auto-ilarak zeuden. Istripu bat ere izan da, eta horrek are gehiago okertu ditu gauzak.
Kontuan izan behar da 70.000 pertsona joan direla asteburu honetan Sevillara, eta partidaren ostean, etxera itzultzeko garaia heldu da. Gainera, errepidez itzuli direnek bat egin dute Pazko astea amaitzearekin batera etxera itzultzen ari zirenekin.
Sevillako autobus eta tren geltokia zein aireportua ere jendez gainezka egon dira goizean goizetik. Lehenengo hegaldietako bat, 08:45ekoa, elastiko zuri-gorriak jantzita zeramatzaten bidaiariz beteta itzuli da, eta halaxe izan da egun osoan zehar.