Gizartea -
KOPAKO FINALA
Gau luze bezain gozoa athleticzaleentzat Sevillan, Bilbon eta Bizkai osoan
Kopako finaleko azken penaltia sartu ostean, pozak eta festak goia jo dute, eta ordu txikietara arte luzatu da ospakizuna han eta hemen.
eitb media
Berenguerrek azken penaltia sartzearekin batera, Kopak Bilborako bidea hartu du, eta athleticzaleen pozak luze iraungo du, festarako gogoak bezalaxe.
Sevillan bildutako milaka lagunek ez ezik, Bilbon eta Bizkai osoan geratu diren milaka eta milaka zaleek ere ospatu dute bart Athleticek Kopako finalean Mallorcaren aurka lortu duen garaipena.
Gaur hasiko dira etxera itzultzen Sevillara joandako zaleak, eta, ajea gorabehera, ostegunean Bilboko itsasadarra gurutzatuko duen gabarraren zain geratuko dira guztiak, ospakizunarekin jarraitzeko.
Jokalariak ere gaur iritsiko dira Loiuko aireportura, baina ez dute aparteko ongietorririk antolatu, eta ospakizunak ostegunera mugatuko dira.
Gertakariak
Ospakizunekin lotuta, bi pertsona atxilotu dituzte lesioengatik, beste bat agente bati eraso egiteagatik, eta beste hiru goizaldean egindako lapurretengatik. Gertakari guztiak goizaldean izan dira, Bilbon.
Udaleko iturrietatik jakinarazi dutenez, kirol ekitaldiaren harira "jendetza batu bazen ere", "istilu gutxi" izan ziren.