Gizartea -
Sexu-abusuak
10 urteko zigorra ezarri diote Iruñerriko gizon bati bost urtez alabaordeari sexu-erasoak egiteagatik
Epaiaren arabera, ezingo da biktimarengana hurbildu (300 metroko distantzia gorde beharko du) hark 18 urte bete arte. Behin espetxealdia beteta, 7 urtez zaintzapean egongo da. Haren emazteari, bestalde, urtebeteko kartzelaldia ezarri diote, omisio delitua egotzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak 10 urteko espetxe-zigorra ezarri dio gizon bati alabaorde adingabeari sexu-abusuak egiteagatik. Epaian zehazten denez, 6 urte zituenetik 11 urte bete arte, ukituak egin zizkion eta sexu-harremanak izatera behartu zuen.
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak adostu dutenez, 33 urteko erasotzailea ezingo da biktimarengana gerturatu (300 metroko distantzia gorde beharko du, gutxienez) hark 18 urte bete arte, eta behin espetxealdia beteta, 7 urtez zaintzapean egongo da.
Gainera, 25.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Era berean, erasotzailearen emazteari urtebeteko kartzelaldia ezarri diote, eta 5 urtez zaintzapean egon beharko da, omisio delitua egotzita. 9 urte zituela, aitaordeak bularrak ukitu zizkiola, biluzik ikusi zuela eta genitalak erakusteko eskatu ziola esan zion alabak amari. Horren aurrean, auzipetuak "ez zuen ezer egin", epaiaren arabera.
Aitaordea, bestalde, 2022ko abenduaren 28an atxilotu zuten, eta behin-behineko kartzelaldia betetzen ari da 2023ko urtarrilaren 24az geroztik.
Zigortutako bi lagunei aringarriak aplikatu dizkiete, arazo psikikoak dituztela argudiatuta.