Gizartea -
Rubiales auzia
Rubialesen garaian, Espainiako Futbol Federazioen bidaietan 5,7 milioi euroko gainkostua egon zela uste dute
Ikertzaileek urtez urte aztertu dituzte Espainiako Futbol Federazioak eta bidaiak kudeatzeko kontratatutako Globalia agentziak aitortutako ordainketak, eta ikusi dute federazioak emandako kopuruak "nabarmen txikiagoak" direla.
Agentziak | EiTB Media
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO, gazteleraz) egindako txosten baten arabera, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente izan zen garaian "gainkostuak" egon ziren bidaiei lotutako gastuetan. Halaber, federazioaren bidaiak kudeatzeko kontratatutako Globalia bidaia agentziak ia 80 milioi euro fakturatu zituen 2018 eta 2022 urteen artean.
Rubiales auziko ikertzaileek urtez urte aztertu dituzte Federazioak aitortutako ordainketak eta Globaliak aitortutako kobrantzak, eta ikusi dute "nabarmen ezberdinak" direla bi kopuruak, Federazioak aitortutakoak nabarmen txikiagok izanik. Gainkostua 5,7 milio eurokoa litzateke.
Unitate Zentral Operatiboaren ofizio batean adierazten denez, Abel Martin Garcia Espainiako Areto Futboleko Selekzioko prentsa-buru ohiak egindako adierazpenetatik ondorioztatzen dira gainkostu horiek.
Guardia Zibilak azaldu duenez, Martinek lekuko gisa egindako deklarazioan adierazi zen Federazioaren barneko foroetan hitz egiten zela Espainiako ordezkaritzaren joan-etorriei, egonaldiei eta mantenuei buruz, eta gastu horiek "hotelek eta zerbitzuak ematen dituzten enpresek hasieran aurreikusitakoa baino handiagoak zirela".
Bidaien ordainketetako gehiegikeria horiek hautemateaz bat, agenteek Espainiako Futbol Federazioaren Bidaien Departamentuko arduradunengan jarri zuten arreta, bai eta Luis Rubilalesen izendapenetik aurrera kontratatu ziren bidaia-agentziengan ere, balizko irregulartasunak arakatzeko.
Unitate Zentral Operatiboak azaldu duenez, egiaztatu ahal izan dute Globalia izan dela bidaiak kudeatzeko kontratatutako agentzia nagusia, eta enpresa-talde horretako hainbat sozietateren bitartez ia 80 milioi euroko gastuak egotzi dizkiotela Federazioari 2018 eta 2022 artrean.
Ildo horretan, txostenaren arabera, egiaztatu ahal izan da lotura pertsonalak daudela Globaliako zuzendarietako baten —Javier Fernandez, Javier Blanco toreatzaile izen artistikoaz ezaguna — eta ikerketapean den Francisco Javier Martin Alcaide, Nene izenez ezaguna, eta haren emazte Purificación Rufinoren artean.