Gizartea -
Kopako finala
Athletic Hiriari buruz jakin behar duzun guztia: Kontzertuak, ordutegia, ordaintzeko modua...
Argitu hemen zure zalantza guztiak Sevillara joatekoa bazara.
EITB MEDIA
Kopako finalera begira Athletic Clubeko jarraitzaileek Sevillan izango duten Athletic Hiria guneak larunbatean irekiko ditu ateak, eta hainbat jarduera eta kontzertu izango dituzte bertan, hala nola Doctor Deseo, MCD, Oxabi eta Henry Mendez artistenak.
Klubak zehaztu duenez, fan zone-a larunbateko 11:30ean irekiko dute, Torre Sevilla merkataritza-gunearen alboan dagoen espazio erraldoian, eta 02:00ak arte izango da zabalik, betiere zuri-gorriek Kopa irabazten badute. Guztira, 28.000 metro karratuko azalera okupatu du Athletic Hiriak.
Bertan, 170 metroko edari-barra izango dute zaleek. Gainera, sei food truck eta talo postu bat ere izango dira. Hori bai, ordaintzeko modua digitala baino ez da izango, hau da, telefonoarekin edo txartelarekin ordaindu beharko da.
"Halaber, Fan zoneak atseden hartzeko guneak, mugikorrak kargatzeko gunea, Athletic Clubeko denda, edateko uraren iturriak, laguntza medikoa, komunikabideentzako gune bat, puntu more bat eta VIP gunea izango ditu, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo da", klubak azaldu duenez.
PROGRAMAZIOA
Non: Torre Sevilla merkataritza-gunearen aldameneko espazioan, Inca Garcilaso kalera sarbidea duena (ikusi Google Maps-en)
11:30: Athletic Hiriaren irekiera
12:30: Bandera altxatzea
13:00: Bertsoak Jon Maiaren eskutik
13:30: DJ Gaztea
15:30: Henry Mendezen kontzertua
16:10: Oxabiren kontzertua
17:30: Doctor Deseoren kontzertua
18:20: MCD taldearen kontzertua
19:00: La Cartujara zuzendutako kalejira
19:00-22:00: DJ + San Mamesekin konexioak
22:00: Athletic Club - RCD Mallorca partidaren zuzenekoa pantaila erraldoietan
* Egunean zehar: animazioa Athletic Hirian eta Kalejiran zanpantzarrak eta Ortuellako Polunpak Taldearekin batera.
** Goizean Berangoko Otzandategi Dantza taldeak Sevillako kaleak animatuko ditu zanpantzarrekin batera
*** Athletic Clubek garaipena eskuratuko balu, fan zonea 2:00ak arte mantenduko litzateke irekita