Gizartea -
ISTILUAK ERTZAINTZAREKIN
"Poliziaren jarrera" eta "politikarien isiltasuna" salatu ditu GKSk Gasteizen izandako istiluen harira
Pertsona bat atxilotu zuten larunbat gauean eta hainbat manifestari eta ertzain zauritu ziren Gasteizen, emantzipazioaren aldeko manifestazioaren ostean, etxebizitza bat okupatu eta gero izandako istiluetan.
EITB MEDIA
Pertsona bat atxilotu zuten bart Gasteizen eta hainbat lagun, manifestariak zein ertzainak, zauritu ziren etxebizitza eskubidearen alde GKSk antolatu zuen manifestazioaren ostean etxebizitza bat okupatzean izan ziren istiluetan. Gaur, Gazte Koordinadora Sozialistak prentsaurrekoa eman du gertatuaren inguruko balorazioa egiteko eta "poliziaren eta polizia arduradunen erantzukizuna" zein "politikari profesionalen isiltasuna" salatu dute.
GKSko bozeramaileek azaldu dute Euskal Herriko milaka gazte manifestatu zirela atzo Gasteizen, "gazteok emantzipatzeko dugun ezintasuna salatu genuen eta, politikari profesionalek auzi honen inguruan egin dituzten promesa faltsuen aurrean, doako etxebizitza unibertsalaren aldeko aldarria zabaldu genuen. Manifestazioa amaitu ostean, orain dela 30 urtetik hutsik dagoen Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean sartu ziren zenbait gazte, gazteon emantzipazio ezintasuna salatzeko protesta-ekintza bezala eta hemendik aurrera eraikinari erabilera soziala emateko. Hori jakin bezain laster, jende andana bildu zen etxearen kanpoaldean, bertan zeuden gazteei babesa adierazteko".
Gauerdian Ertzaintza etxera hurbildu zela adierazi dute, eta hainbat pertsona etxearen sarrerara hurbildu zirela barruan zeuden gazteak babestera. Une horretan izan ziren istiluak eta GKSko bozeramaileek azaldu dutenez, "lau pertsona ospitaleratu zituzten, hainbat pertsonei odol-zauriak egin zizkieten, 25 pertsona baino gehiago zauritu zituzten eta pertsona bat atxilotu zuten. Gazteok jipoitzea nahikoa ez eta, hainbat komunikabideren laguntzarekin, poliziak bere burua biktima bezala saldu du, nahiz eta argi dagoen beraiek direla jarrera oldarkorra eduki duten bakarrak" salatu dute.
Hala, gertatutakoaren harira "poliziaren jazarpena eta poliziaren arduradun politikoek duten erantzunkizuna" salatu nahi izan dute; eta, era berean adierazgarria deritzote "alderdi politiko batek ere ez salatzea honako gertakariak. Hauteskunde kanpainan ahoa bete dute gazteriaren aldeko mezuekin, gazteriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartuko dituztela behin eta berriro adieraziz. Baina horiek hitz hutsak baino ez direla frogatzen dute bart gauekoa bezalako gertakariek".
Prentsaurrekoan jakinarazi dute Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitzan sartu ziren gazteek bertan jarraitzen dutela eta datozen ordu eta egunetan polizia berriz bertaratzea aurreikusten dutela. Hala, gazteen defentsarako deia egin dute.
Atxilotuaren berririk ez da zabaldu.