Gizartea -
Aste Santua
Ostiral Santuko prozesioak bertan behera geratu dira Iruñean eta Gasteizen, euriagatik
Eguraldia dela eta, Nafarroako eta Arabako hiriburuetako kaleetatik egin beharreko prozesioak tenpluen barnealdean egin behar izan dituzte. Gauza bera gertatu da Hondarribian eta Seguran (Gipuzkoa).
Agentziak | EITB Media
Ostiral Santuko arratsaldean eta gauean Iruñean eta Gasteizen egitekoak ziren prozesioak bertan behera geratu dira euriagatik. Hondarribian eta Seguran (Gipuzkoa) ere bertan behera utzi behar izan dituzte kaleko ekitaldiak.
Iruñean, Pasioaren Ermandadearen Gobernu Batzordeak Ehorzketa Santuaren prozesioa bertan behera uztea erabaki du, eguraldiak hobera egingo ez duela aurreikusita.
Gurutze-bidea egin dute horren ordez, 19:30ean, Katedralaren barruan. Ondoren, Kristo Altxatua Ermandadearen egoitzara lekualdatuko da, Dormitaleria kalean, eta Bakardadea San Lorentzo elizara.
Gasteizen, Ostegun Santuan bezalaxe, bertan behera geratu da Ehorzketa Santuaren Prozesioa. 21:00etarako aurreikusita zegoen.
Ekitaldia San Bizente elizara lekualdatuko da, Pasioaren ordu berean. Kofradiako kideek, saeta abeslariek, bertsolariek, Corazonistas musika taldeak eta gotzainak parte hartuko dute.
Hondarribian, Isiltasunaren Prozesioa bertan behera geratu da, eta eliza barrura lekualdatu dute ekitaldia. Soldadu erromatarrak kaletik iritsi dira, eta, ondoren, parrokia barruan, Kristo gurutzetik jaitsi dute.