Gizartea -

OSAKIDETZA

Agintean edozein dagoela ere, mobilizatzen segituko duela iragarri du Osasun Publikoaren aldeko Plataformak

Halaber, zinikotzat jo du orain Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek Osakidetzarako "konponbideak" agindu izana, baldin eta apirilaren 21aren ondoren agintean jarraitzen badute.

Osasun publikoaren aldeko manifestazioa, Barakaldon. Artxiboko argazkia: Bilgunea Osakidetza
Osasun publikoaren aldeko manifestazioa, Barakaldon
Osasun publikoaren aldeko manifestazioa, Barakaldon. Artxiboko argazkia: Bilgunea Osakidetza

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoak hauteskundeetarako kanpainaurrean murgilduta dauden honetan, Osasun Publikoaren aldeko Plataformak ohartarazpena egin die, eta iragarri du apirilaren 21eko hitzorduaren ondoren ere kalean mobilizatzen jarraituko duela, "agintzen duenak agintzen duela".

Plataformak ohar bidez azaldu duenez, agerian geratu da herritarrek gero eta kezka handiagoa dutela osasungintzarekin. Are gehiago, horrek alderdi politikoak beren jarrera aldatzera eta osasunari lehentasuna ematera behartu dituela uste du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak kritikatu eta zinikotzat jo ditu, apirilaren 21eko hauteskundeak irabaziz gero Osakidetzarako "konponbideak" agindu dituztelako, nahiz eta gaur egun osasunaren kudeaketa beren esku egon. 

"Zaila da sinistea Osasun Publikoa desegiten dutenak konponbidearen parte izango direla", gaineratu dute Osasun Publikoaren aldeko Plataformatik.

Hori guztia dela eta, plataformatik nabarmendu dute kalean jarraituko dutela "murrizketak eta pribatizazioak" geldiarazteko eta osasun publikoa "desegiten" ari direla salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Osasun albisteak Azken ordukoa protestak