Gizartea -

Abisuak haizeagatik

140 km/h eta 124 km/h-ko haize boladak neurtu dira Urduñan eta Zaldiaranen

Erribera salbu, Euskal Herria osoa abisupean egongo da gaur berriro haize zakarragatik; 100 km/h-ko ufadak gaindi daitezke. Hori horrela, baliteke atzo aireportuetan izandako arazo berberak errepikatzea: hainbat hegaldi bertan behera utzi edo beste aireportu batzuetara bideratu behar izan zituzten.

Atzo 140 km/h-rainoko boladak neurtu ziren. Argazkia: Aitor Agirrezabal (Legazpi).
Haize zakarra Legazpin (Gipuzkoa)
Haize bortitza eta olatuak nagusi, Aste Santuko lehen orduetan

0:35

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nelson depresioak eguraldi ezegonkorra eta haize bolada gogorrak utzi dizkigu azken orduetan. Bizkaian, esaterako, 140 km/h-ko ufadak neurtu zituzten atzo Urduñako estazio meteorologikoan, Euskalmet Euskal Meteorologikoak bildutako datuen arabera. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa abisupean izan ziren atzo arratsaldean haizeagatik. Gaur ere egoera berean izango dira, 15:00etatik gauerdira. Euskalmeten arabera, haizearen abiadurak 100 km/h-ak gaindi ditzake, eta hortik gora Bizkaiko mendialdean. 

Horrez gain, AEMETek eta Meteofrancek abisu hori bana ezarri dituzte Foru Erkidegoan eta Pirinio Atlantikoetan. Nafarroa ia osoa (erdialdea, Kantauri isurialdea eta Pirinioak) egongo da abisupean, 14:00etatik 22:00etara. Ipar Euskal Herrian 13:00-00:00 bitarte egongo da indarrean. 

Atzo bezala, haizeteek arazoak eragin ditzakete aireportuetan. Asteazkenean hainbat hegaldi bertan behera geratu ziren, eta beste batzuk beste aireportuetara bideratu zituzten. 

Haize bolada gogorrena, esan bezala, Bizkaiko hirian erregistratu zuten, 17:40 aldera. Ondoren, 124 km/h-koak neurtu ziren Zaldiarango estazioan (Gasteiz) edo 121 km/h-koak, Cerrojan (Karrantza, Bizkaia). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak