Gizartea -

Xahututako janaria

Urtero zaborrera botatzen diren elikagaiekin goseak jotakoentzat egunean 1,3 otordu bermatuko lirateke

NBEren arabera, munduko elikagaien bosten batek zakarrean bukatzen du. Bien bitartean, gizateriaren heren bat ez du elikadura bermatuta.

Haur bat bandera zuri bat eskuan, janari eske, Guatemalan. Artxiboko argazkia: EFE
Haur bat bandera zuri bat eskuan, janari eske, Guatemalan.
Haur bat bandera zuri bat eskuan, janari eske, Guatemalan. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batez beste, urtero pertsona bakoitzak 79 kilo elikagai botatzen ditu zaborrera, guztira, 1050 milioi, NBEren Ingurumenerako Programak (UNEP, ingelesez) egindako Xahututako Elikagaien txostenaren arabera (2022ko datuak biltzen ditu).

Janari eskerga horrekin munduan goseak jotako 783 milioi pertsonari egunean 1,3 otordu bermatuko lirateke, txostenak egindako kalkuluen arabera. 

Zero Hondakinen Nazioarteko Eguna da etzi, martxoaren 30ean, eta horren harira kaleratu dituzte datuak. 

"Elikagaien xahutzea munduko tragedietako bat da. Milioika pertsonak gosea pasatuko dute gaur, eta bien bitartean elikagaiak zaborrera botatzen dira", azaldu du Inger Andersen UNEP programako zuzendariak. Auziak munduko ekonomiari ez ezik, klima aldaketari, bioaniztasunari eta kutsadurari ere eragiten dio. Izan ere, xahututako elikagaiek negutegi efektuko gasen isurien % 10 eragiten dute. 

Munduan xahutzen den elikagaien zati handiena, % 60, etxeetan botatzen da: 631 milioi tona. Catering zerbitzuek eta txikizkako sektoreak, hurrenez hurren, 290 eta 131 milioi tona xahutzen dituzte (% 19). 

Janaria elikatze katearen fase ezberdinetan galtzen da, uztan, salmenta puntuetan, baita kontsumoan ere. 

Arazoa, baina, ez dute nazio aberatsenek bakarrik sortzen. Hala, diru-sarrera altuenak dituzten herrialdeak eta herrialde txiroetan xahututako kopuruei erreparatuta, urtean 7 kilo per capitako aldea baino ez dago bien artean. 

Arrakala handiena landa eremuaren eta hiriguneen artean dago. Diru-sarrera ertainak dituzten herrialdeetan, esaterako, landa eremuan janari gutxiago botatzen da. Horren azalpena honako litzateke: elikagaien hondakinak etxeko animalientzat, pentsurako edo konposta egiteko gordetzen dira. Hori horrela, hirietan ere zaborrera botatzen den elikagaien kopurua murrizteko eta konposta indartzeko neurriak eskatu ditu NBEren programak. 

Zer egin dezakegu janaria ez botatzeko?
Zer egin dezakegu janaria ez botatzeko?
Zer egin dezakegu janaria ez botatzeko?

1:28

(Informazioa osatzeko lanean ari gara)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak