Gizartea -

Memoria historikoa

Zornotzako hilerriko indusketa lanen bigarren fasea hasiko da gaur, gudarien gorpuzkien bila

Aurreko lanetan, 2023ko abenduan, 54 pertsonaren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik. Gerra garaiko odol ospitaletik edo zuzenean gerra-fronteetatik iritsitako gudari eta milizianoak direla uste dute.

Zornotzako hilerrian aurkitutako hezur batzuk. Argazkia: IREKIA
Zornotzako hilerrian aurkitutako hezur batzuk. Argazkia: IREKIA
Zornotzako hilerrian aurkitutako hezur batzuk. Argazkia: IREKIA

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aranzadi Zientzia Elkarteak Zornotzako hilerriko indusketa lanen bigarren faseari ekingo dio gaur, 1936ko gerrako gudarien eta milizianoen gorpuzki gehiagoren bila.

Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadirekin elkarlanean 'Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko' programaren baitan, lehenengo indusketa 2023ko abenduan izan zen, eta orduan 54 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta atera zituzten lurpetik.

Jaurlaritzak azaldu duenez, zantzu guztien arabera, hildakoak gudariak eta milizianoak dira, eta inguruko gerra-fronteetatik edo garaiko herriko Odol Ospitaletik eraman zituzten.

Indusketak hilerriko eremu zehatz eta mugatu batean egiten jarraituko dute. Eremu hori bere horretan kontserbatu da urteetan, eta dokumentazio historikoak jasotzen zuenez, gero egiaztatu den moduan, gerran hildako pertsonak lurperatu zituzten bertan.

Indusketa lanen iraupena hurrengo egunetan egingo diren aurkikuntzen araberakoa izango da.

Gogorak berriz ere dei egin die inguru horretan desagertutakoen familiei, harremanetan jar daitezen eta balizko identifikazio batera eraman dezakeen prozesua has dadin, helbide elektroniko bidez edo telefonoz: gogora@euskadi.eus | 944032845 Memoriaren.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Amorebieta-Etxano bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Memoria historikoa albisteak Gogora