Gizartea -
Santi Coca kasua
Santi Cocaren heriotzagatik akusatutako gizona espetxera bidali dute, Frantziak Espainiaren esku utzi ostean
Akusatua ihes eginda zegoen, eta, euroagindu bati esker, Frantzian atxilotu zuten otsailean. Orain, epaiketa berri bat egin beharko da, azaroan beste bost akusatuak epaitu ostean.
Agentziak | EITB Media
Frantziako agintariek Espainiaren esku utzi dute Santi Cocaren hilketagatik akusatutako gizona, eta espetxera bidali dute. Ihes eginda zegoen, eta otsailean atxilotu zuten Frantzian. 24 urteko gizonezkoa Madrilgo Soto del Real espetxean sartu dute.
Atxilotua 2019ko apirilean Santi Coca hiltzeagatik auzitara eramandako sei lagunetako bat da. Coca Donostiako diskoteka baten atarian eman zioten jipoiaren ondorioz hil zen. 17 urte zituen.
Auzian herri-akusazio gisa aurkeztu zen Donostiako Udalak atxilotu horri leporatu zion jipoian Santi Cocari "buruan azken ostikada bortitza" eman izana.
Akusatua ihes eginda zegoela eta, atzeratu egin zen auziaren bista, eta 2023ko azaroa eta abendua bitartean egin zen, azkenean, orain atxilotutako akusatu hau falta zela.
Ahozko saioan, bere aurkako karguak atzera bota zizkioten akusatuetako bati, eta haren bi senide eta mendeko bat absolbitu egin zituen epaimahaiak.
Laugarren epaitu bati, hiru urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, zurhurtziagabekeriazko hilketagatik, intoxikazio etilikoaren aringarriarekin. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurtsoa jarri du, zigorra murrizteko eskatuz.
Ihes eginda zegoen gaztea behin aurkituta, beste epaiketa bat egin beharko da orain. Epaiketa hau ere Gipuzkoako Auzitegian egingo da, epaimahai berri batekin.
Gipuzkoako Auzitegiak iazko otsailean eman zuen gizon hau atxilotzeko agindua, epaiketa egiteko zain zegoen bitartean justiziaren aurrean aldizka aurkezteko betebeharra betetzeari utzi ziola egiaztatu ondoren.
Otsailaren 27ko eguerdian atxilotu zuten Frantzian, Draguignan herrian, Cannestik gertu, Frantziako Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdeko Var departamenduan.
Euroagindu bati esker atxilotu zuten akusatua, eta Frantziako agintariek Europar Batasuneko estatu kideen arteko koordinaziorako eta komunikaziorako erakundearen bulegoaren bidez (SIRENE) eman zien atxiloketaren berri Espainiakoei.