Gizartea -
Klima aldaketa
Munduko eraikin ezagunenek argiak itzaliko dituzte larunbatean, Planetaren Orduan
Ordu tarte berean (20:30etik 21:30era) amatatuko dituzte argiak udaletxe, enpresa eta etxebizitzetan, klima aldaketak dakartzan ondorio larrien gainean kontzientziatzeko.
EITB MEDIA
WWF (World Wildlife Fund) gobernuz kanpoko erakundeak planetari ordubeteko tartea ematea proposatu du, larunbateko (martxoak 23) itzalaldiaren atariko gisa. Horretarako, 60 minutuz jarduera jasangarri eta positibo batean parte hartzera gonbidatu du "mundua".
Planetaren Ordua ekimena Sydneyn (Australia) jaio zen 2007an, klima aldaketaren ondorio larrien inguruan kontzientziatzeko. Horregatik, urtero, martxoko laugarren larunbatean mundu mailako itzalaldi bat deitu ohi dute, 20:30etik 21:30era, eta, orain arte, hiri garrantzitsuenetako udaletxe, enpresa eta etxebizitzek ere egin dute bat horrekin orain arte.
Gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, inoizko urterik "beroena" izan da aurtengoa, eta horrek muturreko fenomeno meteorologikoak ekarri ditu: uholdeak, beroaldiak, suteak...
Horrela, WWFk "handinahia piztu eta premiaz erantzun beharra" dagoela esan du, planetaren berotzea eteteko eta ingurumenaren "hondamendia" saihesteko.
Hego Euskal Herriak bat egin du iItzalaldiarekin
Besteak beste, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko Udalek bat egingo dute Planetaren Orduarekin, eta larunbatean hiriburu horietako eraikin nagusietako argiak ordubetez itzaliko dituzte.
Iaz, 200 herrialdetako 500 udal batu ziren ekimenera, eta "milioika lagunek ere amatatu zituzten beren etxebizitzetako argiak", Bilboko Udalak nabarmendu duenez.
18 edizio
Esan bezala, hemezortzigarren edizio honek proposamen bikoitza dakar berarekin: 60 minutuz eraikin ezagunenetako argiak itzaltzea, eta hitzordua heldu baino lehen, banaka zein taldeka, ekarpen txiki bat egitea, denbora banku bati "ordu bat oparituta".
"Denborak du baliorik handiena", nabarmendu du WWFk, eta 60 minutuan zerbait lortzea "hutsala" dirudien arren, milioika pertsonarentzat inspirazio iturri izan daiteke Lurraren alde "aletxo bat" jartzeko beharraz jabetzeko borrokan.
Lehenengo edizioan, 2 milioi lagunek egin zuten bat ekimenarekin, eta % 2,1 eta % 10,2 artean aurreztu ziren argiak itzalita soilik. Bi urte geroago, 2009an, 400 hiri eta 35 nazio batu ziren iniziatibara, eta aurten 200 bat herrialdek hartuko dute parte.