Gizartea -
Indarkeria matxista
Dani Alvesek beste gau bat emango du espetxean, ez baitu milioi bat euroko fidantza ordaindu
Futbolariaren defentsak gaur goizean ezin izan du ordaindu epaitegian. Presoak 14:00etara arte zuen gaur dirua jartzeko aukera. Bestalde, Ester Garcia biktimaren abokatuak iragarri du Auzitegiaren erabakiaren kontra egingo duela. "Aberatsentzako justizia egiten ari dira", salatu du.
Agentziak | EITB Media
Dani Alves emakume bati sexu erasoa egiteagatik zigortutako Bartzelonako futbolari ohiak beste gau bat emango du Brians 2 espetxean, gaur Bartzelonako Auzitegiak ezarritako milioi bat euroko fidantza ordaindu ez duelako behin-behineko askatasunean ateratzeko.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, futbolariaren defentsak fidantzaren zenbatekoa biltzen saiatzen jarraitzen du, baina gaur goizean ezin izan du ordaindu epaitegian. Presoak 14:00etara arte zuen gaur ordaintzeko.
Auzitegiaren gehiengoak (boto partikular bat egon zen, aske uztearen kontra) behin-behinean aske uztearen alde egin zuen asteazkenean, eta milioi bat euroko fidantza ezarri. Futbolari ohia ezingo da Espainiako Estatutik irten, bi pasaporteak (brasildarra eta espainiarra) entregatu, eta astero epaitegian agertu beharko du.
Alvesen defentsak erabakiaren berri izan zuenetik, dirutza biltzen eman ditu orduak. Antza, Kataluniako hedabideek zabaldu dutenez, Alvesek Neymar da Silva futbolariaren aitari eskatu dio laguntza (hark ordaindu zituen aurrez auzipetu zutenean eskatutako 150.000 euroak).
Bestalde, Ester Garcia biktimaren abokatuak iragarri du Auzitegiaren erabakiaren kontra egingo duela. "Aberatsentzako justizia egiten ari dira", salatu du. Horren esanetan, "ez nago ebazpen honekin batere ados. Helegitea aurkeztuko dugu ez datorrelako Zuzenbidearekin bat. Boto partikular bat ere badago, eta Alvesek duena baino zigor txikiagoekin ere beste auzipetu batzuk espetxean utzi dituztela frogatzen du".
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak ere epaia kritikatu du. "Alvesek duen dirutzak edo beste norbaitek utz diezakiokeenak ezin dute erosi gizon batek emakume bat bortxatzean eragindako iraina. Sexua bien artean egindako zerbait da, bien onespena behar duena. Alvesena delitu bat da", nabarmendu du.