Ekonomia -
Turismoa
Donostiako bisita gidatu turistikoak ezingo dira 25 pertsonatik gorakoak izan
Neurria Aste Santuaren ondoren sartuko da indarrean, apirilaren 10ean. Udalak azaldu duenez, tokiko gida-enpresekin adostu dute kopurua.
Mikel Dominguez | EITB Media
Donostian zehar dabiltzan bisita gidatu turistikoetan ezingo dira 25 pertsona baino gehiago egon, gida bera kontuan izan gabe. Udalak Espazio Publikoaren Ordenantzan sartuko du neurria, eta derrigor bete beharko dute bisitak eskaintzen dituzten enpresek.
2023an DSS Turismoak argitaratutako dekalogoak bisita gidatuen taldeen tamaina mugatzea gomendatu zuen, baina orain Udalak derrigor bihurtuko du neurria. Apirilaren 10ean sartuko da indarrean, hau da, Aste Santuaren ondoren.
Gainera, bisita gidatuak egiteko ordutegia 8:00etan hasiko da eta 23:00etan bukatuko da.
Udalak azaldu duenez, Donostia Turismoak tokiko gida-enpresekin adostu du kopurua, eta horiek muga errespetatzeko konpromisoa hartu dute.
Betetzen ez bada, zigorrak aurreikusten ditu Udalak. Erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko dute bisitak antolatzen dituzten enpresek, eta hori eskatu ahalko diete udaltzainek. Ez badute, 750 eta 1500 euro arteko isunak jarri ahalko dizkiete.
"Eskuartean duguna eta kezkatzen gaituena turismoaren kudeaketa da, eta horrek proaktiboa izatea eta aurrea hartzea esan nahi du. Sektorean aukera berriak sortzeko eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko. Aurrea hartzea arazoak aldez aurretik detektatzea eta konponbideak jartzea ere bada", adierazi du Jon Insausti Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak.