Gizartea -
Dani Alves auzia
Bartzelonako Auzitegiak Dani Alves behin-behinean aske uztea ebatzi du, milioi bateko bermea ordainduz gero
Ezingo du Espainiako Estatutik irten eta astero epaitegian agertu beharko du. Futbol jokalari ohiari lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten emakume bati Bartzelonako diskoteka batean sexu erasoa egiteagatik, eta urtebete egina du behin-behineko espetxealdian.
Agentziak | EITB Media
Dani Alves futbolari ohia behin-behinean aske uztea ebatzi du Bartzelonako Auzitegiak, baldin eta milioi bat euroko bermea ordaintzen badu, emakume bati Bartzelonako diskoteka batean egindako sexu erasoagatik ezarri zioten lau urte eta erdiko kartzela zigorra behin betikoa izan arte.
Magistratuetako batek Alves espetxean mantentzearen alde egin du eta horregatik boto partikularra eman du. Hala ere, gehiengoak behin-behinean aske uztea erabaki du. Hala ere, ezingo da Espainiako Estatutik irten, bi pasaporteak (brasildarra eta espainiarra) entregatu eta astero epaitegian agertu beharko du.
Atzo, Bartzelonako Auzitegian egin zen ahozko ikustaldian fiskalak eta akusazio partikularrak Alvesek espetxean jarraitzearen alde egin zuten eta defentsak, aldiz, aske uztea eskatu zuen zigorraren laurdena bete duela argudiatuta.
Alvesek, bere aldetik, aske utz dezan eskatu zion atzo Bartzelonako Auzitegiari, epaiaren aurkako helegiteak ebatzi bitartean: "Justizian sinesten dut. Ez dut ihes egingo".