Gizartea -
Metro Bilbao
Berrezarri dute zerbitzua Bilboko metroan, matxura bat tarteko ia ordubetez atzerapenak izan ostean
Unitate bat ez atzera ez aurrera geratu da Indautxuko geltokian, 08:30ean. Gorabehera teknikoaren ondorioz, bertan behera geratu da San Inazio eta Basauri arteko metro zerbitzua, 09:25ean matxura izan duen trena kendu duten arte.
EITB Media
Indautxuko geltokian (Bilbo) tren batek izan duen matxura baten ondorioz, etenda egon da Bilboko metroaren zerbitzua (San Inazio eta Basauri artean), eta atzerapen handiak sortu dira sare osoan. Unitatea 09:25 aldera kendu dute, eta hala, espero zen zirkulazioa, apurka-apurka bada ere, bere onera etortzea.
Matxura 08:30ean jazo da, Indautxuko geltokian. Metro unitate bat ez atzera ez aurrera geratu da, eta gainerako unitateei bidea oztopatu die. Tarte batean, libre zegoen bidetik bideratu dituzte metroak, txandaka, Santimami-San Mames eta Abando artean.
Azkenean, baina, eten egin dute zerbitzua, San Inazio eta Basauri artean, ia ordubetez. Atzerapenak tarteko, jendetza pilatu da geltokietako nasetan.
Matxura izan duen konboia kentzeko lanak, esan bezala, 09:25ean bukatu dituzte, eta tailerrera eraman dute unitatea.