Gizartea -
Urtaro aldaketa
Udaberria hasi da, mendeko bigarren negu epelena atzean utzita
Udaberri astronomikoa 04:06an abiatu da, eta 92 egun eta 18 ordu iraungo ditu, ekainaren 20ra arte. Euskalmeten arabera, aurtengo neguko batez besteko tenperatura ohikoa baino 2 °C altuagoa izan da, mende honetan 2016ko erregistroek bakarrik gainditu dutena.
EITB Media
Udaberria bart, 04:06an, hasi da ipar hemisferioan. Azken urteotako joerari jarraiki, urtaro honetan ere ohikoak baino tenperatura epelagoak espero ditu Euskalmetek, eta hain justu, amaitu berri den negua ere halakoa izan da. Euskal Meteorologia Agentziaren datuen arabera, mendeko bigarren epelena izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), batez besteko tenperatura baino 2 ºC altuagoa erregistratuta.
Negu "oso epela" izan da, horrenbestez, 2024koa, eta 2000. urtetik inoizko epelena, betiere 2016a salbu hartuta (mendeko epelena izan zen hura). Hilabetez hilabeteko erregistroei erreparatuta, otsaila izan da denetan "beroena". Dena dela, martxoko datuak bereziki epelak izan dira.
Epela izateaz gain, "hezea" izan da aurtengo negua. Are gehiago, Gipuzkoako ipar-ekialdean eta barnealdean "oso hezea" izan da.
Datozen hilabeteei dagokienez, Euskalmetek aurreratu du batez besteko tenperaturek ohikoak baino altuagoak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, udaberria bera ere "oso epela" espero daiteke.
Udaberriak 92 egun eta 18 ordu iraungo ditu, ekainaren 20ra arte; orduan hasiko da uda.