Gizartea -
Korrika 23
Korrikaren antolatzaileek Baionako azken festan parte hartzeko deia egin dute
Lekukoa 12:30ean iritsiko da Baionara, azken kilometroak egin ondoren. Une horretan argituko da hainbeste egunetan ezkutuan egon den mezuaren egilea eta edukia.
EITB Media
Baionako Askatasun plazan bukatuko da Korraikaren 23. edizioaren 2.500 kilometroko ibilbidea, hilaren 24an. Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izango da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei.
Korrikaren arduradunek prentsaurrekoa eman dute Baionan, eta jendea Euskal Herriko txoko guztietatik bertaratzeko deia egin dute: "Hitzordu ederra izango da Baionako herritarrentzat eta kultur eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua".
Azaldu dutenez, Korrikaren azken ekitaldia Askatasuna plazan izango da, udaletxearen ondoan. Lekukoa 12:30ean iritsiko da hara, azken kilometroak egin ondoren. Une horretan argituko da lekukoaren barruan hainbeste egunez ezkutuan egon den mezuaren egilea eta edukia.
Ospakizun-ekitaldiak hainbat gunetan egingo dira, eta egun osoan zehar publiko guztientzako ekintzak izango ditu. Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga edo Pontx pailazoa izango dira parte hartzaileetako batzuk.