Gizartea -

EUSKARA

Euskara "eroso" ikasteko INGURA plataforma digitala abian jarri du HABEk

Bereziki, bideotan oinarritutako ariketak eskainiko ditu plataforma berriak, eta helburua da hasiera-hasieratik ikaslea hizketan jartzea. A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko dira.

Ingura plataforma digitala. Argazkia: EITB Media
Ingura
Ingura plataforma digitala. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edozein gailu digitaletik, noiznahi eta nonahi euskara ikastea, modu erosoan eta malguan. Bokazio horrekin jaio da INGURA ikas-plataforma digitala. Lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskainiko ditu modu progresiboan.

HABE Eusko Jaurlaritzaren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen ekimena da, eta orain arte erabili den BOGA autoikaskuntza-sistema ordezkatzera dator. Batez ere, bideotan oinarritutako ariketak eskainiko ditu plataforma berriak, eta helburua da hasiera-hasieratik ikaslea hizketan jartzea. Bingen Zupiriak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu ditu plataformaren nondik norakoak, Gobernu Bileraren ondoren egin duen agerraldian.

Esan duenez, ikastaroetan izena emateko bi modu egongo dira: irekia (izena ematearekin nahikoa izango da) eta matrikulapekoa. Azken hori, "ia doakoa" izango dela nabarmendu dute ekimenaren sustatzaileak. Modu horretan, herritarrak "euskararen mundura hurbildu", eta "erabiltzaile izatetik ikasle izatera animatzea" nahi du HABEk.

Lehendabiziko urte honetan, INGURAk A1 mailako ikastaro irekia eskainiko du, 100 ikastordukoa; 60 unitatez osatuta dago eta ikasgai guztiak bakarka nahiz taldean lantzeko diseinatuta daude. Online bada ere, tutore batek gidatuko ditu saioak.

Datorren ikasturtetik aurrera (2024-2025), berriz, A1 ikastaro osoa eskainiko da. Hori egiteko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu beharko du ikasleak. Bakarka egiteko jarduera mota ugari izateaz gain, irakasle batek gidatuta gela birtualean talde-jardueretan arituko da ikaslea.

Lau hizkuntzatan azpititulatutako bideoak izango dira ikastaroen abiapuntu. Horietan oinarritutako unitate didaktikoen landuko dira gela birtualean. HABEren aplikazio informatikoaren bidez kudeatuko dira izen-emateak, eta baita ere, hortik aurrerako izapide guztiak ere.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak