Gizartea -
HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
Behatokia: "Herritarrek euskara erabiltzeari uko egiten diote, zerbitzua oztoporik gabe jasotzeko"
Azken urteotan euskaldunen hizkuntza eskubideen aitortzan "ez da salto kualitatiborik egon" administrazioan: ez da neurri eraginkorrik hartu, eta herritar askok, "hizkuntza kontzientzia izan arren", gazteleraren hautua egiten dute erakundeekiko harremanetan, albo-kalteak ekiditeko.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Euskaldunen hizkuntza eskubideen alorrean ezer gutxi aurreratu da azken hamarkadan. Orain hamar urteko eta gaurko argazkiak tankerakoak dira. Urraketa eta muga berberak salatzen jarraitzen dute herritarrek, eta horiei erakundeek ez diete erantzun eraginkorrik eman. Esparru guztietan daude harremanak euskaraz izateko zailtasunak. Herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen du egoera horrek: eguneroko oztopo eta ezinen aurrean, euskara erabiltzeari uko egiten diote herritar askok, zerbitzua berme guztiekin jaso ahal izateko. Gaztelera hautatzen dute, izapideak errazteko.
Hori dio "Hizkuntza eskubideen egoera 2023" goiburupean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gaur aurkeztu duen txostenak. Urtero bezala, oinarrizko zerbitzu eta jardueratan hizkuntza eskubideekiko eman diren gertakariak bildu eta aztertu dituzte. Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak eta teknikariak aletu dute dokumentua, goizean Iruñean egindako aurkezpenean. "Eremu publikoan zein pribatuan hizkuntza eskubideak egikaritzeko betebeharretan ez da aurrerapausorik eman eta horrek antzeko egoerak behin eta berriz erreproduzitzea ekartzen du. Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela".
Behatokiko zuzendariak salatu du erakundeen erantzun ezak "betikotu" egiten duela "euskararen bigarren mailako izaera" eta "gutxiagotutako hizkuntzekiko berdintasun eza". Bere hitzetan, euskara ofiziala den eremuetan herritarrek jarritako salaketek argi erakutsi dute "neurri eraginkorrak" falta direla eta euskara erabiltzea ez dagoela "bermatuta" ez eremu publikoan, ezta pribatuan ere. Are gehiago, "euskara ezagutzen ez dutenek markatzen dute bermea norainokoa izan behar den".
Bide beretik mintzatu da Petriati ere. Zehaztu duenez, 987 intzidentzia jaso zituzten iaz, aurreko urtean baino 84 gutxiago: 909 kexak izan ziren, 49 zorion mezuak eta 19 kontsultak. Nolanahi ere, "datuen eta errealitatearen arteko arrakalan" jarri du azpimarra. "Jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenen edo albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe". Erantsi du "hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren", euskara erabiltzeari "uko" egiten diotela herritar askok, "zerbitzua oztoporik gabe jasotzeko".
Adibideak ere bildu dituzte, atalez atal. Oro har, administrazioaren eremu guztietan urratzen dira egunero eta une oro hizkuntza eskubideak (Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna, administrazio orokorra …), eta Justiziaren kasuan, "urraketak sistematikoak" direla azaldu dute.
Zerbitzu pribatuei dagokienean, berriz, "borondatearen esku uzten da enpresek beraien zerbitzuak euskaraz eskaintzea eta horrek herritarrak erderaz kontsumitu behar izatea eragiten du". Halaber, Behatokiak salatu du lan munduan ere ez dela euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzen. "Euskaraz lan egiteko tresnak, ohiturak eta gaitasunetan sakontzea falta dira".
Agertoki horri, Behatokiaren arabera, epaitegietatik iritsi diren euskararen kontrako ebazpenak eta "hizkuntza politiketan hartzen ez diren neurrien ondorioz emandako atzerapausoak" gehitu behar zaizkie. Gauzak horrela, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko baliabideak eta bitartekoak eskatu dituzte, hizkuntza eskubideak aitortzeak berekin dakarrelako "jendarte berdinzale eta bidezkoagoa".