Gizartea -
Nafarroa
11 lagun atxilotu dituzte droga trafikoagatik Iruñerrian, eta kalamu elkarte bat itxi dute
Guztira, lau miaketa egin dituzte atxiloketa horiekin lotuta, eta 1.500 landare inguru (20 bat kilo) konfiskatu. 180.000 euroko irabaziak lortuko lituzkete dena salduz gero.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Polizia Nazionalak 11 lagun atxilotu ditu Iruñerrian, droga trafiko delitua egotzita, eta haiekin lotutako kalamu elkarte bat itxi du.
Nafarroako Brigadako talde batek denbora eman du Iruñerrian marihuanaren hazkuntzaz eta banaketaz arduratzen zen talde hori ikertzen.
Hain zuzen ere, Iruñeko Alde Zaharreko kalamu elkarte batez baliatzen zen talde horretako burua, Poliziak jakinarazi duenez.
Desegindako plantazioetako bat familia bakarreko txalet batean zuten. Beren-beregi horretarako zuten atonduta etxebizitza, eta landareak zaintzeaz arduratzen zen laguna bizi zen han.
Beste plantazio bat industrialde bateko nabe batean zuten. Sabai aizun batekin babestuta, ezkutuan zuten instalazioa, eta tranpol bidez soilik zuen sarbidea.
Kalamu elkarteko arduradunei osasun publikoaren aurkako delitua leporatu diete, baita atxilotu dituzten gainerako pertsonei ere.
Guztira, lau miaketa egin dituzte atxiloketa horiekin lotuta, eta 1.500 landare inguru (20 bat kilo) konfiskatu. 180.000 euroko irabaziak lortuko lituzkete dena salduz gero.