Gizartea -
kontzejuaren desegitea
Arabako Foru Aldundiak kontzeju bat desegin du bizilagunen arteko harreman txarragatik
Gineako kontzejuko bizilagunek eurek administrazio-batzarra desegiteko eskatu zuten, haien artean harreman txarra zegoelako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako Foru Aldundiak Gineako (Gaubea udalerrikoa) kontzejua desegin du, bizilagunek eurek eskatuta, haien arteko harreman txarra dela eta.
Araba da kontzejuak edo administrazio-batzarrak dituen Euskadiko lurralde bakarra. Ez dira udalerriak, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak baizik, baina berezko nortasun juridikoa eta obrak egiteko eta zenbait zerbitzu emateko autonomia dute, besteak beste.
Ginearen kasuan, Arkamo mendilerroko landa-kontzeju txiki bat, Gasteiztik 32 kilometrora, bertan bizi diren familien arteko liskarren ondorioz, 2022ko maiatzean kontzejua desegiteko eskatu zuten.
Arrazoia honako hau zen: "auzo-harreman txarrak eta kontzejuaren barruko liskarrak, denboran irauten dutenak eta herriaren gobernua larriki eragozten edo zailtzen dutenak, eta, ondorioz, auzotar guztiei kalte egiten dietenak".
Izapide guztiak egin ondoren, Foru Aldundiak astearte honetan onartu du Gineako Kontzejua desegitea, eta hemendik aurrera Gaubea izango da Administrazio Batzarrak ematen zituen zerbitzu publikoen ardurana.