Gizartea -
NAFARROA
Espetxean sartu dute Orkoienen gizon bat sastatzea egotzita atxilotutako gizona
Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak espetxera bidali du behin-behinean, fidantzarik gabe, hilketa saiakera delitua leporatuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epaileak espetxera bidali du iragan astean Orkoienen "ustekabean" gizon bat sastatu eta larri zauritzea egotzita atxilotutako gizonezkoa. Biktima, bien bitartean, hil ala biziko egoeran eraman zuten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eta bertan jarraitzen du.
Erasoa ostegun arratsaldean gertatu zen Saramago pasealekuan, okindegi baten atarian. Gizon batek labanaz eraso zion beste bati Orkoienen, eta ondoren, ihes egin zuen. Hala ere, Foruzaingoak ordu batzuk geroago atxilotu zuen Orkoiengo usteko erasotzailea.
Epailearen aurretik igaro ostean, fiskalak behin-behinean espetxeratzeko eskatu du eta horrela egin du "hilketa saiakera" delitu bat leporatuta.
Magistratuak ebazpen judizialean jasotakoaren arabera, "nahiko zantzu" badaude "hilketa saiakera" horren erantzulea dela pentsatzeko. Ildo horretan, lekukoen testigantzari heldu dio "ustekabean" labankada eman ziola esan baitzuten.
Hori guztia dela eta, epaileak espetxera bidali du behin-behinean, fidantzarik gabe.