Gizartea -

MONICA DENBORALEA

Lau hildako eta lau desagertu utzi ditu denboraleak Frantzian

Bartzelonan urpekari bat desagertu zen atzo Mar Bella hondartzan. Bilaketa lanak bertan behera utzi behar izan dituzte itsasoaren egoera txarragatik.

Zuhaitz bat erorita Cordoban. Argazkia: EFE
Zuhaitz bat erorita Cordoban. Argazkia: EFE
Zuhaitz bat erorita Cordoban. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako agintariek jakitera eman dutenez, jada lau dira Monica denboralearen ondorioz hildakoak, Goudarguesen (Gard), ibilgailu baten barruan 47 eta 50 urteko bi emakumeren gorpuak agertu eta gero. Eurek eman diete larrialdiaren abisua goizean erreskate-taldeei.

Erreskate taldeek beste lau desagerturen bila jarraitzen dute, Gard eta Ardeche departamenduan, Frantzia hego-ekialdean: 4 eta 13 urteko bi adingabe eta haren aita, eta Saint-Martin-de-Valamanen galdu zen gizon bat.

Eguraldi txarrak eragindako lehen biktima 80 urteko arrantzale bat izan da igande honetan Re uhartean, mendebaldeko kostaldean, itsasgorak irentsita.

Ondoren, Gardeko larrialdi zerbitzuek 60 bat urteko belgikar baten gorpua aurkitu dute. Haren ibilgailua urak harrapatu du zubi bat gurutzatzen saiatzen ari zela, nahiz eta agintariek debekatuta zuten zubia erabiltzea. Beste bidaiari bat zihoan autoan eta hark ihes egitea lortu eta zuhaitz baten adarretan egon da bi orduz, erreskatatu duten arte.

Une honetan mendebaldeko itsasertz osoa, Iparraldetik Bretainiara, dago alerta egoeran olatuengatik eta bat-bateko mareengatik.

Bartzelonako kostaldean desagertutako gizonaren bilaketa bertan behera geratu da, itsaso txarragatik

Monica denboraleak arazoak eragin ditu Espainiako Estatuan ere. Euri jasa gogorrak izan dira Andaluzian eta Katalunian eta gizon bat desagertu zen atzo Bartzelonako Mar Bella hondartzan, eta itsasoaren egoera txarrak eta itsas hondoan dagoen ikuspen eskasak eraginda, bertan behera utzi behar izan dituzte gaur bilaketa lanak.

Depresio honen gauza on bakarra ur kantitate handia izan da. Izan ere, lehorteak jotako inguruetan egin du euri gehien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Nazioartea Bartzelona Denboraleak Frantzia Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak