Gizartea -
Istripua
17 pertsona zauritu dira A-15 autobian, Elduainen, gutxienez 18 ibilgailuk izan duten istripuan
Zaurituak, horietako bat larri, Donostiako eta Tolosako ospitaleetara eraman dituzte. Dirudienez, errepidea irristakor zegoen, txingorra egin duelako bertan.
eitb media
Hainbat ibilgailuren arteko istripua izan da gaur arratsaldean, 16:05ean, A-15 autobian, Elduain parean, eta horrek zirkulazioa zaildu du puntu horretan. Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, kazkabarrak eragin du ezbeharra, eta gutxienez 17 lagun zauritu dira.
Istripuaren ondorioz, A-15 autobia itxi dute, bi noranzkoetan, eta hiru orduz egon da zarratuta.
Esan bezala, 17 pertsona ospitaleratu dituzte, horietako bat larri, eta baliteke zauritu gehiago egotea.
Gutxienez 18 ibilgailuk izan dute istripua puntu horretan, txingorra dela eta.
Kazkabarrak eragin du istripua
Lekuko batek Euskadi Irratiari kontatu dionez, kazkabarrak eragin du istripua, irristakor utzi baitu errepidea.
Oraindik ez dute argitu zenbat autoren arteko talka izan den, baina lekuko horren hitzetan, "elkarri laguntzen ibili dira gidari eta bidaiariak". "Gogorra izan da", esan du.
A-21 autobia, zurituta
Arratsaldean, A-21 autobian, Izkon ere izan da kazkabar-erauntsia. Bertan, baina, ez da istripurik izan.