Gizartea -
EGURALDIA
Asteburu nahasia lainoekin, ostarteekin eta euriarekin
Igandea izango da euritsuena, bereziki ipar partean, eta ekaitzak ere jo dezake. Elur-kota 1.000 metrotik gora kokatuko da.
eitb media
Asteburu nahasia datorkigu, joera argirik gabe, baina egunero egin dezake euria, nahiz eta larunbatean gutxiago egingo duen, eta igandean bereziki ipar partean egingo den.
Gaur goizaldeko frontea igaro ostean, Nafarroako zenbait lekutan, ekialdean bereziki, euria egin dezake lehen orduetan. Gainerako tokietan, aldiz, goizak ateri eutsiko dio eta ostarteak zabalduko dira. Arratsaldean, zaparrada batzuk botako ditu noizbehinka, barnealdean bereziki. Elur-kota 1.000 metroren bueltan egongo da, Nafarroan apur bat beherago. Hegoaldeko haizea zakar ibiliko da beste behin, eta tenperaturan ez da aldaketa handirik izango.
Igandeko lehen orduetan, euria egin dezake, batez ere barnealdean eta Nafarroan. Goizak aurrera egin ahala, haizeak hegoaldetik mendebaldera eta ipar-mendebaldera egingo du, kostaldean oso zakar, eta haizea aldatzearekin batera, euria ugariagoa izango da ipar partean. Gainera, zaparradekin batera trumoi-ekaitzak jo dezake noizean behin. Elur-kota 1.000 metro inguruan egongo da goizean, eta 1.200 metrora igoko da arratsaldean. Tenperatura zertxobait baxuagoa izango da.
Giro bustia eta freskoa izango dugu astelehenean. Euria isurialde atlantikoan egingo du gehienbat; eguna amaitzerako, atertuz joango da, eta kostaldean eta Pirinio aldean soilik espero dugu euria gauean. Hegoaldean, aldiz, egunaren hasieran soilik bustiko du. Elur-kota 1.000 metrora egongo da goizean, eta 1.200 metrotik gora arratsaldean. Mendebaldeko haize indartsua ibiliko da kostaldean eta ziertzoa Ebro ibarrean. Tenperatura antzekoa izango da.
Asteartetik aurrera, tenperaturak goranzko joera hartuko du eta eguraldia eguzkitsuagoa izango da. Asteazkenean, hego-haizea indarrez sartuko da.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.